2012-02-23

Ezkioko Eskuin Pareta


Aurreko batean, Igartubeiti baserrira egin genuen bisita aprobetxatuz, Ezkio auzoan zehar bueltaxka bat egin genuen. Ezustekoa izan zen argazkietan ikus daitekeen frontoia aurkitzea. Ez ohiko ezer nabari al da?


Ba bai, eskuin pareta du ohikoa den ezker pareta beharrean. Nahiz eta arraroa izan, logika bat jarraitzen duen elementua dela konturatzen gara segituan. Frontisa, lege onez, iparraldera begira dago pelota jokoan ari garen bitartean eguzkia gure bizkarrean gera dadin.

Orubearen maldak, ordea, eskuinetik ezkerrera egiten du beherantz. Arrazoi honek, eskuin aldean euste horma bat eraikitzera behartzen gaitu, horma hau eskuin pareta sortzeko erabiliaz. Era honetan sortzen da ez ohizko frontoi hau.

Duela urte gutxi, tamalez, frontoi hau estali egin zutela ikus daiteke. Merezi al du horrelako obrak egitea? Kasu honetan, ezker paretak mendebaldetik datozen haize eta eurien aurrean eskeintzen digun babesik ez dago. Ez al da frontoiko lurra berdin-berdin bustiko?
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...