2011-03-10

Eraikin Baten Orientazioa

Klima beroegia ez den latitudeetan, eguzkiak sortzen duen bero energia aprobetxatzeko, eraikinak hegoaldera orientu izan dira normalean. Iparraldeari, ordea, bizkarra eman zaio, bertatik baitatoz gehienetan hotz handienak. Honen adibide garbi bat, Euskal Herriko baserrietan ikus dezakegu.

Baserriak, normalean, hegoekialdera orientatzen dira, iparraldeari eta mendebaldeari (euri eta haize nagusiak datozen norabidea) bizkarra emanez. Eraikin hauen sarrerak beroa jasotzen dute, atzealdeak guztiz itsuak diren bitartean. Era honetan, eraikinaren barruko tenperatura konfort-era gerturatzen da modu pasibo baten bidez.

Gaur egungo eraikinek, ordea, era honetako funtzio pasiboak galdu dituzte, euren ordez, berogailua eta aire egokitua erabiltzen direlarik. Makina hauen onurak nabariak dira; edozein urtarotan gaudelarik ere, eraikin barruko tenperaturak nahi bezala kontrolatu daitezke erabiltzaileen konforta zihurtatzeko.


Egungo eraikinek, beraz, ez dute eguzkiaren energia behar. Egokia al da orduan eraikin bateko gune erabilienak hegoaldera orientatzea? Iparraldea hain kaltegarria al da? Ikus dezagun adibide baten bitartez:

Ikus daitezken bi argazki hauetan, Donostiako Arkitektura Eskolako otsaileko goiz bateko egoera ikus daiteke iparraldeko fatxadako ikasgela batean eta hegoaldera begira dagoen tailer batean. Iparraldera begira dagoen ikasgelak, lanerako egokia den argi homogeneko bat du eta bertan, argiak piztu gabe irakatsi daiteke.

Hegoaldera begira dagoen tailerrean, ordea, argi guztiak piztuta daudela ikus dezakegu. Eguzkiak, negua denez, oso inklinazio gutxi du eta bete-betean jotzen du tailerreko leihoetan. Ondorioz, ikasleek, kortinak itxi eta argiak pizten ditugu. Argi hauek sortzen duten beroak, ordenagailuek, berogailuak eta ikasleok sortzen dugunarekin batera, tailerreko tenperatura asko igoarazten dute bertako egoera desatsegina bihurtuz. Gainera, kalean hotz handiegia egiten duenez, leihoak ezin dira ireki. Tailerra negutegi bat da.

Ez dut uste gure eskolan gertatzen dena inguruko adibide bakarra denik. Honek galdera asko planteatzen ditu: Zein da, beraz, orientazio onena? Sistema aktiboak hain onak al dira? Ala egokiagoa litzateke sistema pasibo batzuekin konbinatzea? Iparraldeko argiak kalitate oso ona du, ez al genuke gehiago aprobetxatu behar?

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...