Mostrando entradas con la etiqueta Analisiak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Analisiak. Mostrar todas las entradas

2011-01-19

Txingurri Txulo Zubia


Hernaniko Lizeaga auzoa topografia irregular baten gainean kokatzen da. Auzo hau, Hernaniko Kaxkoa eta Portu auzoaren artean kokatzen da, bi hauen arteko 40m-ko desnibela pairatuz.

Bi dira auzo honetako kale nagusiak: Lizeaga kalea eta Portura jaisten den bidea. Bi kale hauek gurutzatu egiten dira, baina 6m-ko kota ezberdintasun batekin. Altuera diferentzi hau Txingurri Txulo zubiaren bitartez lortzen da. XVIII. mendean eraikitako zubi hau Gipuzkoako Ingeneritza Zibilaren aurreneko obratako bat da, baina, nahiko ezezaguna da hernaniarren artean, duela bi urterarte ezkutuan egon baita.

Zubi honen zati handiena, Lizeaga kaleko 3. zenbakia eraitsi zen momentuan bistaratu zen. Ordurarte zubiaren bi arku ikusteko aukera besterik ez zegoen, baina, orain, beste 4 arku agertu dira. Era honetan, herriak, balore historiko handiko elementu bat berreskuratu du eta bere ondoan kokatzen diren Leokako labadero eta ermitarekin, inguru benetan baliotsu bat eratzen du.

Guzti honek eztabaida handia sortu du herrian, Txingurri Txulo zubia guztiz berreskuratzeko asmotan, Lizeaga kaleko 1. zenbakia eraistea komeni den ala ez uste dutenen artean.

Gai honi buruz, Imanol Jiménez arquitecto urbanista, Hernaniko urtekarian argitaraturiko artikulu batean mintzatu zen:

2010-12-11

Hernaniko Benefizentzia Etxea



Azken asteotan, Hernaniko artxiboan dokumentu eta idazki zaharren artean ibili ondoren, informazio ugari bilatu dut proiektuaren orubearen inguruan. Orube honetan, 1866an Jose Antonio Muruak eraikitako Hernaniko Benefizentziaren egoitza egon zen 1984. urterarte.

Hernaniko Benefizentzia erakundeak azken 500 urteotan herriko eskale, txiro eta gaixoei ostatua eskeini die. Hasiera batean, Hernaniko kale nagusiko etxe batean zuen egoitza, baina, bentilazio eta higiene arazoak zirela eta, portalez kanpoko San Joan eliz parrokiaren atzealdeko eraikin berria egin zuten.

Eraikin berri honek, ospitalea, Benefizentzia, miserikordi etxea, monjen eskola eta kapera zituen bere baitan. 1984. urtean bota zen eta, gaur egun, aurretik ikusi dugun moduan, Milagrosako kapera da geratzen den aztarna bakarra. Kapera hau, orain, kontzertu eta entsegu areto bezala erabiltzen da eta gainontzeko eraikinak zeuden eremuan, kotxeentzako aparkaleku bat dago.

Ikus ditzakezuen bi argazki hauetan 1980ko eta gaur egungo egoerak alderatu ditzazkezue. Aurreneko argazkian Benefizentzia etxea ikus daiteke lehen planoan. Atzean, aldiz, Sandiusterriko zahar egoitza eta Inmakulada ikastetxea.

Bigarren argazkian, Benefizentzia etxea desagertu da, kotxeentzako aparkaleku bati tokia egiteko. Eskubi aldean, berriz, zutik geratu den eraikin bakarra, kapera, ikus daiteke. Kapera hau, 1995. urtean berritua izan zen kontzertu eta entsegu areto bezala erabiltzeko.

Azkenik, Hernaniko udalak, Benefizentzia etxearen inguruan ateratako liburuxka informatibo bat igo dut. Bertan, erakunde honen historia irakurtzeaz gain, orubearen eta lehengo egoeraren argazki gehiago ikus ditzakezue.



2010-11-25

Urumea Ikastolaren Eraistea

Nahiz eta Urumea ikastola eraistearen erabakia hartu, egun hauetan, eraikin honen informazio bila aritu naiz Hernaniko Artxiboan. Ikastolaren hainbat datu eta plano lortu nituen, baina, denetan dokumentu interesgarriena proiektuaren memoria izan da.

Memoria honetan, Isidro Setién arkitektoak, eraikinaren azalpen eta deskribapen bat emateaz gain, aukeratutako kokalekuaren arrazoiak ematen ditu:

...La ubicación del edificio se considera adecuada a la finalidad del mismo. Se encuentra muy cerca del núcleo urbano, por no decir dentro del mismo. Así mismo, al frente del mismo existe un gran espacio arbolado, apto para el recreo y en proporción del número de alumnos previstos. Dicho espacio arbolado dispone de un frontón.

A una mínima distancia se encuentra el actual campo de Deportes municipal. Por otra parte, casi junto al emplazamiento del edificio objeto del presente estudio, se prevé la ubicación de un edificio social que dispondrá de comedores utilizables por el alumnado.

Memorian, kokaleku egokia dela esateko aipatzen diren ekipamenduetatik, Ezkiaga Pasealekua bakarrik mantendu da. Txantxilako futbol zelaia kendu zela urteak dira eta urte askotan aparkaleku handi bat egon da, aurten etxebizitzak egin diren arte. Aipatzen den jangelaren eraikina ez zen inoiz egin eta aurreikusten ziren ikastolaren zabalpenak ez ziren burutu.

Guzti honengatik, Urumea ikastola isolatua eta lekuz kanpo geratu da eta eraikin hau eraisteko arrazoiak nahikoak direla uste dut.


2010-11-17

Inguruaren Analisia: Sandiusterri

Sandiusterri, nire orubearen hegoaldean kokatzen den zaharren egoitza da. Bolumen oso potenteko eraikina da, malda handi batean kokatzen dena. Eraikinaren sarrera nagusia Sandiusterri kalean kokatzen da. Beste sarrerara, ordea, Larramendi kaletik abiatzen den bide batetik iristen gara. Sarrera hau zamalanak burutzeko erabiltzen da gehien bat.

Eraikinak, presentzia handia du nire orube aldera eta parking-a eta Sandiusterri kalearen artean dagoen kota ezberdintasunak presentzia hau areagotu egiten du. Proiektatuko dudan Musika Zentru berriak harreman zuzena edukiko du eraikin honekin, horregatik, bolumen berriarekin sortuko diren tentsioak zaindu beharrekoak izango dira.

Analisiaren Ondorioak:

-Sandiusterri egoitzaren bolumenak eragin zuzena izango du Musika Zentru berrian.

-Sortuko diren tentsioak zaindu beharrekoak izango dira.


2010-11-15

Inguruaren Analisia: Etxebizitzak

Nire orubea eta Kale Nagusiaren artean 70. hamarkadan eraikitako etxebizitza eraikinak aurkitzen dira. Behe oina gehi 5 solairuko etxebizitzak dira eta kale nagusiarekiko paralelo kokatzen dira. Garai hartan eraiki ziren etxebizitza gehienak bezala, kalitate gutxiko eraikinak dira. Kale Nagusia eta Larramendi kaleen artean dagoen kota diferentzia ez dute errespetatzen eta tarte honetan gaur egun aparkaleku bezala erabiltzen den Arantzazu plaza sortzen dute.

Etxebizitza hauek nire orubetik ibai aldera egon zitezkeen bista guztiak tapatzen dituzte, alde horretara guztiz itxua geldituz. Honez gain, Larramendi kalea estuegia da nire orube alboan eta Portu auzo aldera doan trafikoa dela eta, ibilgailuz saturatua dago.

Analisiaren Ondorioak:

-Etxebizitzak oso altuak direnez, ibai aldera bistak lortzeko aukera ezinezkoa da.

-Larramendi kalearen egoera ez da ona; oso estua da eta trafiko asko igarotzen da. Arazo hau konpondu beharrekoa da.

2010-11-11

Inguruaren Analisia: Ezkiaga Pasealekua eta Eliza

Ezkiaga pasealekua San Joan Bataiatzailearen elizaren oinpean kokatzen den espazio publikoa da. XX. mende hasieran Hernaniko harresi zaharra eraitsi eta Hernaniko lehen berdegunea izango zena sortu zen. Garai hartan, Donostia-Hernani tranbia lotura zegoen eta hiriburuko burgesek gustoko izaten zuten Hernaniko pasealeku honetan arratsaldeak igarotzea.

Pixkanaka, Ezkiaga pasealekuak garrantzia irabazi zuen herriko beste espazio publiko nagusien aurrean eta Hernaniko festa eta ekintza kultural gehienak bertan burutu dira azken mende honetan.

Pasealekua malda dezenteko orube batean kokatzen da. Betelan baten bidez, malda hau leundu egiten da lurreko kotatik altxatzen den plataforma bat sortuz. Era honetan, Elkano kaletik 1,5m-ko altuerara dagoen bitartean, Nafar kalea baina 3m gorago altxatzen da. Pasealekuko sarrera kale honetan dagoen eskailera izango litzateke.

Plataforma lau honetan pasealekuari izena ematen dioten ezkiak (tilia tomentosa) landatu ziren. Zuhaitz hauek, espazio publiko honi nortasun bat emateaz gain, aisialdirako aproposa suertatu den espazio bat sortu zuten.

Ezkiaga pasealekuan herriko festa, musika ekitaldiak, kirol-jokoak antolatzen hasi ziren eta pixkanaka beste ekipamentu batzuk gehitzen hasi zitzaizkion. Horrela, 1955. urtean elizaren hormaren kontra, udal pilotalekua eraiki eta aurrerago, Hernaniko bandaren kontzertuak ospatzeko kioskoa ere altxa zen.

Gehigarri hauek, ordea, espazio publikoaren egitura apurtu zuten eta gaur egun nahiko egoera kaskarrean dago. Kioskoak ez du inolako interes arkitektonikorik eta txikia geratu denez, erabilera gutxi ematen zaio. Pilotalekuak, elizak plazarekin duen harremana apurtu du. Honez gain, zorua zuhaitzen zainek altxatzen duten asfaltu kaxkar batez estalia dago.

Pasealekuaren kota ezberdintasunak inguruarekiko isolatu egiten du, gehien bat Ispizua kale aldera. Honez gain, Urumea ikastolaren presentziak Elkano kalearekin zuen erlazioa ere murriztu egiten zuen. Horregatik, eraikin honen eraisteak Ezkiaga pasealekua eta nire orubearen artean harreman berri bat sortzen duela esan liteke.

Musika zentru berria pasealeku zaharraren jarraipen gisa planteatzea guztiz egokia izango litzatekeela iruditzen zait. Era honetan, eraikin publiko berria Hernaniko hiri egituraren barne kokatzea lortuko litzatekeelako.

Analisiaren Ondorioak:

-Ezkiaga pasealekua eta nire orubearen arteko harremana bultzatu. Musika zentrua espazio publiko honen jarraipen gisara planteatu nahi da.

-Pasealekuaren gaur egungo egoera nahiko kaskarra da eta nire proiektuan barneratzeak, espazio publiko honen eraberritze lan bat eskatuko luke.

2010-11-03

Orubeko Elementuak: Aparkalekuak

Orubean agertzen den azkeneko elementua, ia azalera osoa betetzen duen kotxeentzako aparkalekua da. Guztira 62 ibilgailurentzako lekua dago, beti ere ikastola orduz kanpo; ordu hauetan bertako ikasleen jolasleku bezala erabiltzen baita.

Argi dago nire proiektua garatzeko ezinbestekoa izango dela aparkaleku hau bertatik kentzea, baina Hernanik aparkalekuekin duen arazoa dela eta, erabaki hau ezin da nolanahi artu.

Horregatik, nire proiektuaren programan 100 ibilgailurentzako lekua izango duen errotazioko aparkaleku bat sartzea erabaki dut. Aparkalekuen kopurua aldatzeko as
katasuna mantenduko dut, oraindik goiz baita behin-behieneko erabakirik hartzeko, baina gutxienez kenduko ditudan aparkalekuen kopurua handitzea gustatuko litzaidake, Hernanik duen arazo honi neurri batean aurre egiteko.





2010-11-02

Orubeko Elementuak: Milagrosa Kapera

Aukeraturiko orubean kokatzen den bigarren eraikina Milagrosa kapera da. Eraikin hau, duela 50 urte orube honetan kokatzen zen Inmakulada komentutik zutik geratzen den bakarra da. Komentu honetan monjak bizitzeaz gain, karitate ekimenak burutzen zituzten, erietxe eta eskola zelarik. Urumea ikastola eraiki zenean komentuko gainontzeko eraikinak bota egin ziren, kapera bakarrik geratu zelarik.

Ondorengo urteetan zehar kapera erabili gabe egon zen duela 10-15 urte eraberritu eta funtzio berri bat eman zitzaion arte. Orain musika ekitaldi eta Hernaniko musika talde ezberdinen entseguak burutzeko areto bezala erabiltzen da. Horregatik nire proiektuarentzat interes handiko gune bihurtu da eta eraikinak programaren zati bat bere barnean jasotzea erabaki dut. Hala ere, eraikinean aldaketa batzuk burutzeko askatasuna hartuko dut, beti ere beharrezkoak suertatzen badira.



Orubeko Elementuak: Urumea Ikastola

Proiektuaren aurreneko erabaki garrantzitsua Urumea Ikastola eraistea izan da. Eraikin honen egoera, aurreko post-ean esan bezala ez da batere ona. Ingururarekiko guztiz isolatua agertzen da, kalez inguraturik eta umeentzako jolas espaziorik gabe. Honez gain, bere eskala handiegia da eta elizarekin konpetentzia garbian azaltzen da.

Erabaki potente eta garrantzitsu honek ondorio ugari ditu: proiektuaren orubea ezkiaga pasealekuarekin harremanetan jartzen da, pasealeku honetako berdegunea proiektuan integratzea ahalbidetuz. Horrela, Musika Zentru berriaz gain, Hernaniko espazio publiko nagusietako bat sortuko litzateke.

Azkenik, ikastola botatzeak, Hernaniko San Joan Bataiatzailearen elizari presentzia handiagoa emango lioke.



Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...