Mostrando entradas con la etiqueta Hausnarketak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Hausnarketak. Mostrar todas las entradas

2011-11-28

Sevilla, polemika iturri.

Pasa den astean Sevillan egun pare bat igaro eta bertako arkitektura pixkat ezagutzeko aukera izan dut. Hiria, Guadalquivir ibaiaren behe atalean kokatzen da, bokaletik 70km ingurura. Inguru honetan, ibaiak, bailara oso lau eta zabal bat sortzen du. Honez gain, nabigagarria da, beraz, hiria leku estrategiko batean kokatua dagoela esan daiteke.


Inguruko aurreneko hiri-nukleoa Antzin Aroan sortu zen, eta betidanik izan da penintsulako hiri garrantzitsuenetako bat. Bertan, aztarna erromatar, musulman eta kristauak aurki daitezke. Hala ere, Amerikaren aurkikuntza ondoren hartu zuen benetako garrantzia, Espainiako inperioaren zentru ekonomiko bihurtu baitzen.

Hiriaren alde zaharrak 335 Ha ditu eta Europako zabalenetarikoa da. Lurra oso laua denez, etxeak altuera txikikoak dira. Eraikuntza guztien gainetik Giralda dorrea nagusitzen da, bere 104 metro alturekin. 

Hiria dagoen kokaleku eta klimara moldatzen da. Alde zaharreko kaleak, orokorrean, oso estu eta bihurriak dira, itzal-une eta aire korronteak sortuz. Kale hauen artean, noizbehinka plaza txiki eta itxiak azaltzen dira, freskura eta itzala ematen duten laranjaondoekin horniturik.


Azken urteetako arkitekturak, ordea, ez du hiriaren izaera errespetatu eta  polemika handia sortu duten eraikinak sortu dira. Honen adibide, Jurgen Mayer-en Metropol Parasol, Zaha Hadid-en liburutegia eta Cesar Pelli-ren Cajasol dorrea dira. Espekulazioa, handi-nahaikeria edo lekuarekiko errespetu eza dela eta eraikin hauek ez dute hiri eta hiritarrekiko erlazio on bat sortu.

2011-11-07

Naturaren Erregresio Ahalmena

Gizakiok gure inguruan dugun natura eraldatu, ustiatu eta suntsitzeko zer nolako ahalmena dugun jakina da. Lurreko biztanle guztien artean, ekosistema eta paisai bat guztiz aldatzeko ahalmena duen espezie bakarra gara.

Askotan, ingurua geure neurrira antolatzo ahalmen honek itsutu egiten gaitu eta lurrean dagoen indar bakarra garela pentsatzera eramaten gaitu. Ahaztu egin ohi dugu gure inguruan dagoen naturaren boterea. 

Naturak dituen botere hauetako batzuk, bat batean egiten dute eztanda eta geure gizartean kaosa sortzeko gai dira. Hala nola, lurrika, ekaitz, uholde, sumendi edo haizeteek suntsipena ekar dezakete. 


Hala ere, bada naturan beste botere isilago eta harrigarriago bat. Denboraren poderioz, naturak, pixkanaka eta geldiunerik gabe bere ordenera itzultzeko duen ahalmena da. Naturaren erregresio ahalmena.

2011-03-10

Eraikin Baten Orientazioa

Klima beroegia ez den latitudeetan, eguzkiak sortzen duen bero energia aprobetxatzeko, eraikinak hegoaldera orientu izan dira normalean. Iparraldeari, ordea, bizkarra eman zaio, bertatik baitatoz gehienetan hotz handienak. Honen adibide garbi bat, Euskal Herriko baserrietan ikus dezakegu.

Baserriak, normalean, hegoekialdera orientatzen dira, iparraldeari eta mendebaldeari (euri eta haize nagusiak datozen norabidea) bizkarra emanez. Eraikin hauen sarrerak beroa jasotzen dute, atzealdeak guztiz itsuak diren bitartean. Era honetan, eraikinaren barruko tenperatura konfort-era gerturatzen da modu pasibo baten bidez.

Gaur egungo eraikinek, ordea, era honetako funtzio pasiboak galdu dituzte, euren ordez, berogailua eta aire egokitua erabiltzen direlarik. Makina hauen onurak nabariak dira; edozein urtarotan gaudelarik ere, eraikin barruko tenperaturak nahi bezala kontrolatu daitezke erabiltzaileen konforta zihurtatzeko.

2010-12-14

Musikaren espazioa historian zehar

Musika, soinua eta isiltasunaren konbinazioak bitartekotzat erabili, eta, armonia, erritmoa eta melodia oinarrizko fundamentu bezala hartzen dituen artea da. Musikak, produktu kulturala izanik, ideiak, pentsamentuak eta zirkunstantziak espresatzeko balio du eta entzulearengan sentimendu eta emozioak pizteko gai da.

Soinua, gorputz baten bibrazio edo perturbazio mekanikoa da, uhin-eran edozein ingurune material elastikotan zehar hedatzen dena. Hortaz, musika, instrumentu batek edo gehiagok, airean sortutako uhinen bitartez sentitzen dugu. Uhin hauek hedakorrak eta finituak dira eta horregatik, musikak erlazio handia du espazioa eta denborarekin.

Arkitektura, pintura eta eskultura, denboran zehar irauteko sortuak dira; behin eta berriz antzeman daitezke. Musika, ordea, ez. Melodia berdina, momentu eta toki bakoitzean era oso ezberdin batean sumatzen da. Horregatik, musika hedatzen den espazioak eragin zuzena du entzulearengan sortuko duen sentimenduetan.

Historian zehar, musika, ikuskizunei lotua egon da eta gizarteak aurrera egin duen heinean, ikuskizun hauentzako espazioak ere aldatzen joan dira. Hausnarketa honetan, musikarentzako sortu diren espazio hauek jasan dituzten aldaketa hauek jasotzen saiatuko naiz.

Historiaurrea; musika errito bezala:
Musikaren sorrera kulturarenarekin bateratu daiteke. Garai honetako musika ehiza eta erlijio erritoetan ematen zela dirudi. Soinua eta mugimendua, hau da, musika eta dantza, bizitzaren sinbolo ziren, isiltasuna eta mugimendu eza heriotzaren sinboloak ziren bitartean.

Errito hauek, suaren inguruan edo kutsu erlijioso handia zuten elementuen inguruan egiten ziren, animaliak imitatzea bilatzen zuten erritmo eta mugimenduak erabiliz. Nahiz eta ezberdintasun sozialak zeudela jakina den, errito hauetan tribuetako kide guztiek parte hartzen zuten.


Antzinaroa; Grezia eta Erromako Antzokiak:
Zibilizazio handien sorrerarekin batera musika elitista bihurtu zen eta errege eta agintarien palazioetara mugatu zen. Mesopotamia eta Egiptoko erreinuetan, musikoak prestigio handiko pertsonak ziren.

Grezia eta Erroman, ordea, kontzeptu hau aldatu egin zen. Garai hauetako antzokietan, maila sozial guztietako pertsonei zuzenduak zeuden musika eta dantza ekitaldiak eskaintzen ziren. Antzezpenetara agintari, plebeio eta esklabuek sartzeko aukera zuten. Hala ere, antzoki barruan, maila sozialak mantendu egiten ziren, leku honenak agintarientzat gordetzen zirelarik.

Arkitekturari dagokionez, erroma eta greziako antzokien artean diferentzia nabariena planta da. Antzoki greziarrak planta zirkularra izaten zuen erromatarrak semizirkularra zuen bitartean. Plantaren forma hau nahiko demokratikoa dela esan daiteke, soinuaren hedapena zirkularra dela eta, ez baitu ikusleen artean desberdintasunik sortzen.

Erdia Aroa; kantu gregorianoa:
Gainontzeko arteetan gertatu zen antzera, erdi aroan, musikari dagokionez atzerapausu bat gertatu zen. Jendeak hirietatik landalurretara alde egin zuen eta musika, pintura, eskultura eta arkitektura gutxi batzuen esku geratu ziren. Herritarrek nahikoa zuten jateko zerbait lortzearekin.

Garaiko musikoak, herriko plaza eta erregeren afariak animatzen zituzten trobadore eta juglarrak ziren. Erritmo eta melodia sinpleekin, antzinako histori eta mitoak kantatzen zituzten.

Hala ere, monastegietan, non bertako moje oparoek bazuten literatura, musika eta filosofia lantzeko denbora, musika erlijiosoa sortu zen. Honen adibide garbiena, kantu gregorianoa da. Kantu mota hau, eliza erromaniko eta gotikoen harrizko hormen erreberberazioaz baliatzen da benetan melodia hunkigarriak sortzeko.


Barrokoa eta Klasizismoa; operaren sorrera eta elitismoa:
Errenazimenduak eta kontinente berrietan sortutako koloniek ekarri zuen oparotasunaren ondoren, barrokoan, aristokraziak ikuskizunen beharra sumatu zuen. 1600. urte inguruan opera sortu zen eta pixkanaka noble eta agintarien artean fama handia irabazi zuen, aristrokraziaren ikuskizun gustokoena bilakatu zen arte.

Hala ere, barrokoan sortu ziren obrak musika erlijiosoa izaten jarraitzen zuten. Johann Sebastian Bach izan zen garai honetako musikari famatuena. Berak sortutako musika guztia eliza eta espazio erlijiosoetan entzuna izateko pentsatua zegoen.


Klasizismoarekin batera erlijioa eta ikuskizunen arteko banaketa etorri zen. Honekin batera banaketa sozial handi bat sortu zen, musika, dantza eta antzerkia aristokraziaren esku utziz. Operak indar gehiago artu zuen eta sortu ziren arkitektura espazioek gizartearen banaketa hau argi eta garbi erakusten zuten, eserlekuen artean, soinuaren kalitateari dagokionez, izugarrizko diferentziak sortuz. Ikuskizunak boteretsuen esku bakarrik zeuden. Adibide gisa Milango Scala antzokia:



Musika gero eta elitistagoa bihurtu zen. Mozart, Beethoven eta Hayden bezalako konpositoreek aristokraziaren musikari pertsonalak ziren, kontzertu eta ekitaldi pribatuak eskeintzen zituztelarik. Honen adibide garbiak Amadeus filmean ikus ditzakegu:



Erromantizismoa; industri iraultzaren ondorioak:
Industri iraultzak Europako gizartean klase sozial berri bat sortu zuen: burgesia. Burgesiak denbora gutxian diru kopuru handia batzea lortu zuen, aristokraziaren parera iristeraino. Jakina da, diruak boterea dakarrela eta honek musikak ordurarte izan zuen elitismoa apurtu zuen. Burgesiako dirudun berriengan opera eta gainontzeko ikuskizunekiko interesa sortu zen, antzoki berriak eraikitzeko era aldatuz.

Garai honetan, historian lehenengo aldiz, ikuskizunezko arteen banaketa gertatu zen. Gogoan izan, ordurarte, musika, dantza, kantua eta antzerkia eskutik helduta joan zirela. XIX. mendeko erditik aurrera, musika ekitaldiak bakarrik egiteko pentsatutako lehen auditorioak eraikiko dira.

Bi auditorio mota eraikiko dira garai hartan: Europa erdialdeko kutxa-aretoak eta abaniko formakoak.

Kutxa formako aretoak Europa erdialdean eraiki ziren, mota honetako eraikin esanguratsuenak Viena, Leipzig eta Amsterdam-en kokatzen direlarik. Kutxa-areto hauek, kontzertu areto batek dituen behar akustiko idealak kontuan hartuta eraiki ziren. Gaur egun jakina denez, areto hauen dimentsio eta formaren arteko erlazioak musika erromantikoarentzat ezaugarri akustiko perfektuak dituzte. Hala ere, ezaugarri hauek aretoaren tamaina handitzen bada, aldatu egiten dira. Horregatik, areto mota honek ez du XX. mendean arrakasta handirik izan.

Kutxa-areto nagusiak:
-Musikvereinssaal, Viena, Theophil von Hansen, 1867-1869.
-Neues Gewandhaus, Leipzig, Martin Gropius eta Heinrich Schmieden, 1884-1887.
-Concert Gebouw, Amsterdam, A.L. van Gend, 1887-1888.


Erromantizismoan sortuko den bigarren auditorio mota abaniko formakoa izango da. Areto mota honen aintzindari Richard Wagner eta Otto Brückwald-en Bayreuth aretoa izango da. Aurreneko aldiz, diferentzia sozialik azalduko ez den antzoki bat planteatzen da, non eserleku guztietako soinu eta ikuspegiaren kalitatea berdina den. Gizarte burges baten ideologiaren ispilu da.

Ikusleek ez dute eszenatokia altuera batetik ikusten (Milango Scalan gertatzen den moduan), eszenatokiaren parean eta honen azpitik kokatzen diren eserlekuetatik baizik. Modelo honek, esan bezala, antzokian sartzen diren 1800 pertsonei ikuspegi eta soinu zuzena eskaintzen die. Eraikin hau adreilu eta egurrez egina dago eta kanpoaldera, aretoaren atzealdeako horma kurboa erakusten du. Urrengo urteetan, gaur egun arte, eraikin honetan sortutako modelo eta kontzeptua errepikatuko da.

XX. mendea; ikus-entzuleen garrantzia:
Pasa den mende honetan, aurrerapen handiak egin ziren akustikaren inguruan. Honek, auditorioen forma, tamaina eta materialetan eragina izan zuen. Hala ere, mende honetan burutu ziren auditorio gehienak, Richard Wagner-en Bayreuth antzokia izan zuten oinarri.

Antzoki honek defendatzen zuen berdintasunaren printzipioa jarraituz, XX. mendeko auditorioek ikus-entzuleen garrantzia areagotu egin zuten, gero eta eserleku gehiagorentzako lekua eskeiniz, musika gero eta jende gehiagoren esku jartzearen aitzakiarekin. Hala ere, aforoen handitze honen egiazko arrazoia, ekonomikoa dela uste duenik bada.

Auditorio baten aforoa, ordea, nahi beste handitzea ezinezkoa da soinu kalitatea jaistea nahi ez bada; jakina baita fokutik urruntzen doan heinean soinuak intentsitatea galtzen duela.

Horregatik, Hans Scharoun-ek 1956-1963an eraikitako Berlineko Filarmonikak auditorioen forma eta antolamenduan berrikuntza handi bat suposatu zuela esan daiteke. Scharoun-ek auditorio honetan, ikus-entzuleak orkestaren inguruan kokatzen ditu. Susana Moreno-ko oso ondo deskribatzen du bere Arquitectura y Música en el siglo XX liburuan zein den eraikin honen arrakastaren arrazoia:

"La Filarmónica de Berlin es magnífica sobre todo porque, sabiamente, sólo son 200 los puestos posteriores. Hans Scharoun y Lothar Cremer no ignoran el hecho de que la orquesta y especialmente algunos instrumentos de la orquesta son esencialmente direccionales, esto es, que emiten la energía hacia el frente y, por tanto, colocar el púclico detrás de la orquesta supone pervertir el principio de uniformidad con la justificación de que todo lo que se oye "de menos" queda compensado don la visión del director."


80. hamarkadan, Luigi Nono konpositoreak, auditorio batean, ikusle-entzule eta orkestaren arteko erlazioaren kontzeptuari beste buelta bat eman zion. Prometeo obra musikala sortu zuen. Obra honetan, ikus-entzuleak dira auditorioaren erdian kokatzen direnak, musikariak perimetroan kokatzen diren bitartean. Horretarako, espazio arkitektoniko berri bat sortu behar izan zuen.

Hasiera batean, Renzo Pianok, eliza eta pabiloi ezberdinetan kokatu zitekeen egitura desmontagarri bat diseñatu zuen. Egitura hau bi kokaleku ezberdinetan erabili zen: Veneziako San Lorenzo elizan eta Milango Ansaldo fabrikan.

Beranduago, Prometeo, Arata Isozakik diseinatutako Akiyoshidai pabiloian aurkeztu zen. Pabiloi hau finkoa da eta ikus-entzuleak auditorioaren zentruan kokatzeko printzipioa errespetatzen du. Eraikin honekin, XX. mendea ikus-entzulearen garrantziaren mendea izan dela esan daiteke; zer gertatuko ote da XXI. mendean?


Bibliografia:
-Edifici per la música, Michael Forsyth
-Arquitectura y música en el siglo XX, Susana Moreno

2010-12-08

Horizontala eta Bertikala: Ea eta Elantxobe

Ea eta Elantxobe bizkaiako kostan, urrenez urren, kokatutako bi herri txiki dira. Herri arrantzaleak dira eta antzekotasun handiak dituzte euren sorreran. Bi herriak XVI. mendean sortu ziren inguruko herriek portu baten beharra sumatu zutenean. Ea, Bedarona eta Natxituako herritarrek sortu zuten, Elantxobe, berriz, Ibarrangeluko bizilagunek.

Bi herriak, Bizkaiako kosta labartsuak eskeintzen dituen lasaigune bakarrenetakoan kokatzen dira. Ea, izen bereko ibaiaren itsasoratzeak sortzen duen bokalean kokatzen da eta Elantxobe, Ogoño-ko lurmuturraren babesean kokatutako portu natural batean.

Nahiz eta antzekotasun guzti hauek eduki, era oso ezberdinean hazi dira. Kokaleku bakoitzaren ezaugarri topografikoak bultzatuta, herri bakoitza ardatz baten inguruan zabaldu da.

Ea-k ibaiaren ardatza jarraituz, hazkuntza guztiz horizontal bat jasan du. Bertako kaleak, ibaiarekiko paralelo kokatzen dira ibaiak itsasoa topatzen duen arte. Bitartean, ibaiaren alde biak erdi aroko zubiek elkartzen dituzte.

Elantxobe, ordea, itsas labarrean behera narraska jaisten den Kale Nagusiaren inguruan hazi da. Ardatz honen bertikaltasunak etxe baten sarrera azpikoaren teilatuaren mailan kokatu arazten du. Honez gain, lurzoruak duen ezaugarri labainkorrak, bertako eraikuntza lanak benetan zaildu ditu herriaren sorrera ezkeroztik.

Pasa den zubi honetan, bi herri hauek bisitatzeko aukera izan dut Bizkaiko kostan zehar egin dudan bidaitxoan eta oso herri lasai, polit eta interesgarriak iruditu zaizkit. Nahiz eta tenperatura ona egin duen egun hauetan, udaran herri hauek berriz ikusteko irrikitan nago.




2010-11-16

Hirien Degenerazioa


Blog-eko azkeneko sarrera prestatzen ari nintzela, Renzo Piano-k "Conversación con Renzo Cassiogli" liburuxkan esandako pasarte bat etorri zitzaidan burura:

"Lo que construye la ciudad es la complejidad de sus funciones, que sobre el mismo suelo, sobre la misma plaza, haya gente que vive, que viene a divertirse, que va al teatro o al cine, a comprar, de visita, turistas alojados en un hotel o gente que va a trabajar. Una mezcla de todas estas funciones en el mismo lugar: esto es lo que construye una ciudad. Esta intensidad otorga dimensión humana a la ciudad, y es esta mezcla la que ha degenerado durante el siglo XX."

XX.mendeak iraultza handia suposatu zuen pertsonen bizitzeko eran. Teknologiak baliabide eta onura handiak ekarri zituen eta jendea gehiago eta hobeto bizitzen hasi zen. Industriaren ondorioz, nekazaritzan behar ziren eskuak gutxitu eta nekazariek hirietara emigratu zuten.

Baina teknologiak nekazaritzan izan zuen eragin honek, azkenik, hiriari kalte handia eragin zion. XX. mendean hiriek kontrolik gabeko hazkuntza jasan zuten, gure herrialdean gehienbat 60. hamarkadan nabaritu zena. Hiriek bere esentzia galdu zuten neurri handi batean. Aipatutako kontrolik gabeko hazkuntzak zentzu gabeko espazio publikoak sortu zituen, gaur egun degradatuak azaltzen direlarik. Trafikoaren gorakadak ere, eragina izan zuen degradazio honetan eta gaur egun espazio publiko hauetako asko aparkaleku ilun eta ospeletan bihurtu dira.

Gure eginkizuna XXI. mendea hiriaren berreskurapenaren mendea izatea lortzea izango da.


Hernaniko Arantzazu "plaza".

2010-11-04

Talka Egiten Duten Espazioak

Gizakia bere inguruan duen espazioaren jabe egiten da. Lurraldea eraldatu eta bere beharretara egokitzen du espazio naturalak giza espazio bihurtuz. Hortik aurrera, sortutako espazio hauek bitan banatzen dira: publiko edo pribatuak.

Ibilgailua (kotxearen kasuan), gizakiak sorturiko espazio pribatu horietako bat da. Kasu honetan ordea, berezitasun bat dauka: espazio pribatu hau, norberarekin mugitzen da zeharkatzen ari garen espazio publikoan zehar. Berez, berezitasun hau abantaila bat da, gizakiak badu bere intimitatea gordetzeko behar bat, eta aski dakigun bezala, kotxeak badu pribatutasun hori. Consumer aldizkarian ateratako artikulu batek ezin hobe deskribatzen du ibilgailuek gizakian sortzen duten sentsazio hori:
"El coche... es el espacio físico en que el conductor se comporta tal como es, en él no está preocupado por guardar las formas. Damos rienda suelta a las expresiones más primitivas e irracionales de nuestro ser".

Norbera den bezalakoa agertze horrek dakar kotxean sortutako espazio horren desabantaila nagusia. Espazio mugikorrak izanik, noizean behin, elkarren artean talka egiten dute. Talka hauek gizakiarengan inbasio bat suposatzen dute, era berean ezinegona eta agresibitatea sortuaz.

Kotxeek dituzten forma eta koloreek agresibitate hori areagotu egiten dutela jakina da, beraz, posible al litzateke nolabait espazio horiek aldatzea? Kotxea al da umore aldaketa hauek sortzen dituen espazio bakarra? Arquitectura bidez sortutako espazioak eragin berdina izan al dezakete gugan? Ikerketa sakon bat egiteko gai bat dela iruditzen zait, guztiok baitakigu gizakiaren agresibitateak sortzen dituen ondorioak zeintzuk izaten diren...


Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...