Mostrando entradas con la etiqueta KAP. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta KAP. Mostrar todas las entradas

2011-11-15

Marrazki batzuk

Aspaldiko partez proiektua berriz ere martxan jarri ondoren, hona hemen aurrekoan izandako zuzenketatik ateratako ideien aurreneko emaitzak. Eraikina Hernaniko eliza eta Sandiusterri kalearen arteko konexio bide bezala planteatu nahi da eta horretarako eraikinaren estalkia erabiliko da.

Estalkia espazio publiko bihurtu eta dagoen kota diferentziara moldatuko da, horretarako malda, eskilara eta gradak erabiliz. 

Nahiz eta nire marrazkiak oso onak ez izan, aurreneko ideia bat egiten laguntzen dute. Hori uste dut behintzat...

2011-05-05

Funtzio askotako auditorioak

Gaur egungo gizarteak eskaintza kultural eta sozial handia eskatzen du. Denok nahi ditugu gure etxetik gertu polikiroldegi, kultur etxe, musika eskola eta zahar egoitzak. Horregatik, herri bakoitzak eskaintza guzti hauek bete behar dituenaren joera zabaldu da. Argi dago guzti honek aberastasun sozial bat ekartzen duela, baina, era berean, arazo ekonomiko handiak sor ditzake.



2011-04-04

Sandiusterri kalearen etorkizuna

Argazki honetan, Txantxilako obren hasiera ikus daiteke. Bertan Hernaniko sarrera berria egongo da.
Hernaniko Txantxila parking-a zena, obretan da. Bertan, 200 etxebizitzatik gora eraikiko dira. Hala ere, nire proiektuan eragin zuzena izango duen elementua, Hernaniko sarrera berria izango da.

Sandiusterri kaleko sarrera zaharra, betidanik izan da nahiko bortitza, Galarreta eta Urnieta batzen dituen bideak duen trafiko maila handia dela eta. Horregatik, beharrezkoa suertatu da, etxebizitza berriekin batera, sarrera berria planteatzea. 

2011-03-10

Eraikin Baten Orientazioa

Klima beroegia ez den latitudeetan, eguzkiak sortzen duen bero energia aprobetxatzeko, eraikinak hegoaldera orientu izan dira normalean. Iparraldeari, ordea, bizkarra eman zaio, bertatik baitatoz gehienetan hotz handienak. Honen adibide garbi bat, Euskal Herriko baserrietan ikus dezakegu.

Baserriak, normalean, hegoekialdera orientatzen dira, iparraldeari eta mendebaldeari (euri eta haize nagusiak datozen norabidea) bizkarra emanez. Eraikin hauen sarrerak beroa jasotzen dute, atzealdeak guztiz itsuak diren bitartean. Era honetan, eraikinaren barruko tenperatura konfort-era gerturatzen da modu pasibo baten bidez.

Gaur egungo eraikinek, ordea, era honetako funtzio pasiboak galdu dituzte, euren ordez, berogailua eta aire egokitua erabiltzen direlarik. Makina hauen onurak nabariak dira; edozein urtarotan gaudelarik ere, eraikin barruko tenperaturak nahi bezala kontrolatu daitezke erabiltzaileen konforta zihurtatzeko.

2011-02-28

Aurreneko Bolumena

Proiektuaren aurreneko bolumena sortu da azkenik. Oso forma sinplea da, baina hobe pixkanaka konplikatzen joan hasieratik Guggenheim formako zerbait izatea baino, ezta?

Ea zer iruditzen zaizuen, eta beti bezala, iritzi eta iradokizunak esker onez hartuko dira...

2011-02-23

Espazio ezberdinen arteko erlazioa

Blog-eko aurreko sarrera honetan, Hernaniko Musika Zentruaren programa izango zena erakutsi nizuen. Gaurko honetan, programa horren espazio ezberdinen arteko erlazioen diagrama hau dakart.

Eraikinaren aurreneko bolumenak sortzeko prozesuan buru-belarri sartuta nagoenez, lagungarria izango zait egindako diagrama hau beti begibistan izatea.

Bertatik, aurreneko begirada batean, ondorio argi batzuk atera daitezke:

-Eraikinaren programa bi zati nagusitan banatua dago: auditorioa eta musika eskola
-Banaketa honek sarrera komun bat (erabiltzaile gehienek erabiliko dutena) eta bigarrenmailako sarrera baten (musikari erabiltzeko eta zamalanak egiteko) beharra dakar.


2011-02-03

Orubearen 3D-a eta eguzkiztapena

Azken aste hau, proiektua sortzerako garaian erabilgarria izango zaiten orubearen 3D bat prestatzen pasa dut. Nahiko lan astuna izan da, orubea maldan dagoenez, lurzoru ia osoa eskuz egin behar izan baitut.

Eraikinen bolumenak era oso sinplean eginak daude, hala ere, emaitza nahiko ona izan dela uste dut. Hemen uzten dizuet Sketchup eta V-ray programekin egin dudan 3D-aren bideo bat:


Honez gain, 3D-ak orubeak urte osoan zehar jasotzen duen eguzkitzapena analizatzeko aukera eman dit. Analisi honetan ikusten den bezala, orubearen ipar aldea, elizaren alboan dagoena, da eguzki argi gehien jasotzen duena. Leku hau beraz, espazio publiko bat sortzeko egokiena dela uste dut.

Igo ditudan argazkietan urte osoko eguzkitzapenaren laburpen bat ikus dezakezue. Bertan urteko solstizio eta ekinozioetan goizeko 9-etan, eguerdian, arratsaldeko 3-tan eta 6-etan itzalen egoera zein den ikus daiteke. Gogoratu ordu hauek, eguzkiaren posizio errealarekin hartuta daudela.

2011-01-31

Manuel de Falla Auditorioa (2)


Pasa den asteko blog-eko sarrera jarraituaz, Granada hirian kokatzen den Manuel de Falla Zentruaren analisi sakonago bat ekarri dut gaurkoan.

Musika zentru 1975-1978 urte artean eraiki zuen Jose María García de Paredes arkitektoak. Eraikin honek, Granadak musika ekitaldi internazionalak ospatzeko beharrezkoa zuen musika areto baten beharrari erantzun zion.

Hala ere, proiektua ez zen musika areto soil batean geratu eta Manuel de Falla espainiar konpositoreari omenaldi bat egiteko ideia sortu zen. Musikaria, Granadan bizi izan zen 20 urtetan zehar eta aretoa eraikitzeko bere etxearen alboan zegoen orube bat aukeratu zen.

Udaletxeak musikariaren etxea izandakoa erosi eta etxe-museo batean bihurtu zuen. Honela, Manuel de Falla zentrua sortu zen, etxe-museoa, Ikasketa zentrua eta Auditorioak osatzen zutelarik.
Zentruak erabilera anitzetarako balio izatea izan zen arkitektoaren nahi nagusia. Nahiz eta musikak lehentasun osoa duen, eraikina guztiz aldakorra da eta kongresu eta antzezlanak burutzeko balio du. Honez gain, aretoaren planteamenduak, aforo ezberdinak eskeintzen ditu beharrezkoak suerta daitezkeen erabilera guztientzako.

Eraikina, Genil eta Darro ibaien artean kokatzen den Alhambra-ko tontorrean kokatzen da. Granadako hondare kultural nagusia tontor honetan kokatzen da, hiri guztiaren bistan, beraz, eraikinaren bolumetria, materialak eta presentzia kontu handiz zaindu beharrekoak ziren.

Eraikinak orubearen malda handia aprobetxatuz, programaren zati handi bat lur azpian kokatzen du, kanpoko bolumenak tontorraren perfila ez gainditzea lortuz. Horrela, eraikinaren presentzia minimizatzen du. Aukeratutako materiala eta bolumenak apalak dira, Alhambrak tontor horretan duen protagonismoa mantendu nahian.

Proiekturen gune garrantzitsuena aretoa da. García de Paredes-ek Scharoun-en Berlingo Filarmonika eta erromantizismoko kutxa-aretoak hartu zituen oinarritzat. Horrela, ikusleak eszenatokiaren aurre eta atzealdean izango zituen areto estu eta luze bat proiektatu zuen. Forma honetako aretoek akustika hobea dute areto zabalek baino.

Auditorioa erabilera ezberdin asko jasateko prestatua dago. Eszenatokia aretoaren erdialdean kokatzen da, aurrealdean 897 eta atzealdean 414 eserleku dituelarik. Zonalde hauek kortina bidez banatu daitezke, behar bakoitzak eskatzen dituen ezaugarrietara moldatuz.

1986. urtean sute bat gertatu zen Manuel de Falla zentruko areto nagusian. Sute honek musika zentruaren ixtea eragin zuen 5 urtetan zehar. 2008-2010 urte artean ere itxita egon da eraberritze lan batzuk zirela eta, baina, pasa den irailaren 10an Granada Hiriko Orkestak, Estrella Morente bakarlari bezala zuela, eskaini zuen kontzertu batekin auditorioaren zabaltzea ospatu zen.



Bibliografia:
-Auditorio Manuel de Falla, Granada, 1975-1978; Ángela García de Paredes.


2011-01-27

Panoramikak

Egunero zerbait berria ikasteko jaioak omen gara. Herenegun unibertsitateko tailerrean lanean ari ginela, lagun bati bere argazkiekin panoramikak sortzeko beharra sortu eta nola egiten ziren ba ote nekien galdetu zidan. Nik, ideiarik ez nuela erantzun nion, nire argazki kamera ez zela beste munduko ezer.

Eskerrak, momentu horretan hirugarren lankide bat alboan zegoen, eta delako panoramika hauek sortzeko internet-etik Panorama Maker programa jaistea besterik ez zegoela esan zigun! Mila esker! Karrerako zazpigarren urtea izan eta horrelako trukiloak ez ezagutzea marka da gero!





2011-01-25

Manuel de Falla Auditorioa

Proiektua: Manuel de Falla Auditorioa
Egilea: José María García de Paredes
Kokapena: Granada
Urtea: 1975-1978



Azalpena:
...El auditorio Manuel de Falla en Granada, de José María García de Paredes, a pesar de sus grandes dimensiones y de la complejidad de su programa, supo evitar la tentación de monumentalidad en esta ciudad de importantísimos monumentos arquitectónicos, sin recurrir tampoco a elementos folclóricos que contribuyeran a hacerlo más comercial y popular. Sin duda, su planteamiento es tan sensible a su entorno como los mencionados proyectos de Oiza y Moneo. El auditorio adopta una postura crítica hacia la comercialización y la sentimentalización del patrimonio cultural de esta extraordinaria ciudad andaluza fundada en el siglo XI y cargada de historia. Con el fin de integrar esta gran sala, con capacidad para 1.311 espectadores, sin imponer una megaestructura en el paisaje y permitiendo las vistas hacia las cumbres de Sierra Nevada, García de Paredes rompe el monolítico volumen en dos piezas de diferente tamaño unidas por un paseo peatonal que conduce a un mirador asomado a la sierra. Esta renuncia a imponer su presencia ha demostrado su acierto, pues el auditorio establece un armonioso diálogo con su espectacular entorno. A través de este planteamiento antimonumental, antisentimental y profundamente realista, García de Paredes rindió un merecido homenaje a Manuel de Falla, el gran músico español que murió en 1947 en el exilio argentino, sin haber podido regresar a la ciudad.
AV Monografías 113, Spain Builds

Ondorio Nagusiak:
-Manuel de Falla auditorioa, izen bereko musika zentru baten baitan kokatzen da. Musika zentru hau, Manuel de Falla etxe-museoak, Auditorioak eta Ikasketa Zentruak osatzen dute.
-Garcia de Paredes arkitektoak, eraikina bere inguruan integratzea zuen helburu, ez alboko monumentuekin konpetentzian egongo zen eraikin bat sortzea.
-Proiektu hau, Alhambraren alboan kokatzen da, Genil eta Darro ibaiek sortzen duten ibarrari begira dagoen tontor batean. Hortaz, eraikina malda handiko inguru batean kokatzen da.

-Nire proiektua eta auditorio honen artean dauden ezaugarri komunak direla eta, proiektu hau hobeto ezagutzen lagunduko didan analisi sakonago bat egitea komenigarria izango litzatekeela uste dut. Aurki izango dira analisi honen emaitzak blogean.

2011-01-19

Txingurri Txulo Zubia


Hernaniko Lizeaga auzoa topografia irregular baten gainean kokatzen da. Auzo hau, Hernaniko Kaxkoa eta Portu auzoaren artean kokatzen da, bi hauen arteko 40m-ko desnibela pairatuz.

Bi dira auzo honetako kale nagusiak: Lizeaga kalea eta Portura jaisten den bidea. Bi kale hauek gurutzatu egiten dira, baina 6m-ko kota ezberdintasun batekin. Altuera diferentzi hau Txingurri Txulo zubiaren bitartez lortzen da. XVIII. mendean eraikitako zubi hau Gipuzkoako Ingeneritza Zibilaren aurreneko obratako bat da, baina, nahiko ezezaguna da hernaniarren artean, duela bi urterarte ezkutuan egon baita.

Zubi honen zati handiena, Lizeaga kaleko 3. zenbakia eraitsi zen momentuan bistaratu zen. Ordurarte zubiaren bi arku ikusteko aukera besterik ez zegoen, baina, orain, beste 4 arku agertu dira. Era honetan, herriak, balore historiko handiko elementu bat berreskuratu du eta bere ondoan kokatzen diren Leokako labadero eta ermitarekin, inguru benetan baliotsu bat eratzen du.

Guzti honek eztabaida handia sortu du herrian, Txingurri Txulo zubia guztiz berreskuratzeko asmotan, Lizeaga kaleko 1. zenbakia eraistea komeni den ala ez uste dutenen artean.

Gai honi buruz, Imanol Jiménez arquitecto urbanista, Hernaniko urtekarian argitaraturiko artikulu batean mintzatu zen:

2010-12-23

Musika Zentruaren Programa

1. Musika Eskola
1.1.Musika irakatsi eta praktikatzeko lekua
-2 gela musika mintzaira eta abesbatza irakasteko (gela bakoitzak 20-30 pertsonentzako nahiko tokia duela). Azalera 40m2/gela.
-11 gela musika tresnak irakasteko (3-4 lagunek aldi berean eskola emateko modukoak). 5 gela zeinetan A=15m2/gela, eta 6 gela non A=25m2/gela.
-2 gela herri musika tresnak eta hainbat joera desberdin irakasteko (5-6 lagunek eskolak aldi berean emateko modukoak). A= 30m2/gela
-Gela 1 perkusioa irakasteko. A=40m2. Gela honi itsatsirik ikasteko gelatxo bat egongo da, kristalezko itxitura izango duena, batetik bestea bistaratzeko moduan. Gelatxoaren A=15m2. Eraikinaren areto nagusitik hurbil, kontzertuak daudenean instrumentuak erraz eraman ahal izateko.
-4 gela talde lanerako (musika banda, akordeoi orkestra, herri musika tresnak, teklatuak...). Gela bakoitzak 15-20 lagunentzako tokia duela, A=40m2/gela. Gela hauetako bati itsatsirik beste gelatxo bat egongo da, grabaketak eta anplifikazio, nahasketa, mikrofonia eta bestelako materialeak gorde eta mantentzeko. Gelatxo horrek kristalezko itxitura izango du, batetik bestea bistaratzeko moduan. A=20m2.
-3 gelatxo bakarka ikasteko. A=15m2/gela.

1.2.Administrazioa, zuzendaritza eta bestelako zerbitzuak
-Administrazioarako eta jendeari harrera egiteko bulego bat. A=30m2.
-Zuzendaritzarako bulego bat. A=15m2.
-Irakasleentzako eta bileretarako gela bat. A=20m2.
-Liburutegi, fonoteka, bideoteka bat. A=50m2.
-Biltegi orokor bat. A=50m2.

2.Kontzertu Aretoa
-Ekitaldi areto bat, behar bezala prestatua kantaldi, abesbatza eta orkestretarako. 300 eta 350 ikusle artean eserita hartzeko ahalmena duena.
-Aretoak biltegi propioa ezango du, 100 m2-koa, kanpoko aldeko zamalanetarako gunetik sarrera duena (zuzena edo karga-jasogailu bidezkoa).
-Interpretari kabina. A=10m2.
-Argia eta soinua kontrolatzeko kabina. A=15m2.
-Jantzigela kolektibo bat. A=40m2. Gutxienez dutxa kolektibo, konketa eta 2 komun ontzi dituena.
-Musika entseguetarako gela bat. A=100m2.
-Barra/kafetegi eta arropatokirako leku bat, 40m2-koa atondo inguruan jartzekoa.
-Aretoak behar bezalako harrera gune bat izango du, musika eskolarekin komunikatuko duena.

3.Errotaziozko Aparkalekua
-100 ibilgailurentzako tokia izango duen aparkalekua aurreikusi beharko da, musika zentrua eraikitzeko kendu diren 62 aparkalekuak berreskuratuz.

2010-12-14

Musikaren espazioa historian zehar

Musika, soinua eta isiltasunaren konbinazioak bitartekotzat erabili, eta, armonia, erritmoa eta melodia oinarrizko fundamentu bezala hartzen dituen artea da. Musikak, produktu kulturala izanik, ideiak, pentsamentuak eta zirkunstantziak espresatzeko balio du eta entzulearengan sentimendu eta emozioak pizteko gai da.

Soinua, gorputz baten bibrazio edo perturbazio mekanikoa da, uhin-eran edozein ingurune material elastikotan zehar hedatzen dena. Hortaz, musika, instrumentu batek edo gehiagok, airean sortutako uhinen bitartez sentitzen dugu. Uhin hauek hedakorrak eta finituak dira eta horregatik, musikak erlazio handia du espazioa eta denborarekin.

Arkitektura, pintura eta eskultura, denboran zehar irauteko sortuak dira; behin eta berriz antzeman daitezke. Musika, ordea, ez. Melodia berdina, momentu eta toki bakoitzean era oso ezberdin batean sumatzen da. Horregatik, musika hedatzen den espazioak eragin zuzena du entzulearengan sortuko duen sentimenduetan.

Historian zehar, musika, ikuskizunei lotua egon da eta gizarteak aurrera egin duen heinean, ikuskizun hauentzako espazioak ere aldatzen joan dira. Hausnarketa honetan, musikarentzako sortu diren espazio hauek jasan dituzten aldaketa hauek jasotzen saiatuko naiz.

Historiaurrea; musika errito bezala:
Musikaren sorrera kulturarenarekin bateratu daiteke. Garai honetako musika ehiza eta erlijio erritoetan ematen zela dirudi. Soinua eta mugimendua, hau da, musika eta dantza, bizitzaren sinbolo ziren, isiltasuna eta mugimendu eza heriotzaren sinboloak ziren bitartean.

Errito hauek, suaren inguruan edo kutsu erlijioso handia zuten elementuen inguruan egiten ziren, animaliak imitatzea bilatzen zuten erritmo eta mugimenduak erabiliz. Nahiz eta ezberdintasun sozialak zeudela jakina den, errito hauetan tribuetako kide guztiek parte hartzen zuten.


Antzinaroa; Grezia eta Erromako Antzokiak:
Zibilizazio handien sorrerarekin batera musika elitista bihurtu zen eta errege eta agintarien palazioetara mugatu zen. Mesopotamia eta Egiptoko erreinuetan, musikoak prestigio handiko pertsonak ziren.

Grezia eta Erroman, ordea, kontzeptu hau aldatu egin zen. Garai hauetako antzokietan, maila sozial guztietako pertsonei zuzenduak zeuden musika eta dantza ekitaldiak eskaintzen ziren. Antzezpenetara agintari, plebeio eta esklabuek sartzeko aukera zuten. Hala ere, antzoki barruan, maila sozialak mantendu egiten ziren, leku honenak agintarientzat gordetzen zirelarik.

Arkitekturari dagokionez, erroma eta greziako antzokien artean diferentzia nabariena planta da. Antzoki greziarrak planta zirkularra izaten zuen erromatarrak semizirkularra zuen bitartean. Plantaren forma hau nahiko demokratikoa dela esan daiteke, soinuaren hedapena zirkularra dela eta, ez baitu ikusleen artean desberdintasunik sortzen.

Erdia Aroa; kantu gregorianoa:
Gainontzeko arteetan gertatu zen antzera, erdi aroan, musikari dagokionez atzerapausu bat gertatu zen. Jendeak hirietatik landalurretara alde egin zuen eta musika, pintura, eskultura eta arkitektura gutxi batzuen esku geratu ziren. Herritarrek nahikoa zuten jateko zerbait lortzearekin.

Garaiko musikoak, herriko plaza eta erregeren afariak animatzen zituzten trobadore eta juglarrak ziren. Erritmo eta melodia sinpleekin, antzinako histori eta mitoak kantatzen zituzten.

Hala ere, monastegietan, non bertako moje oparoek bazuten literatura, musika eta filosofia lantzeko denbora, musika erlijiosoa sortu zen. Honen adibide garbiena, kantu gregorianoa da. Kantu mota hau, eliza erromaniko eta gotikoen harrizko hormen erreberberazioaz baliatzen da benetan melodia hunkigarriak sortzeko.


Barrokoa eta Klasizismoa; operaren sorrera eta elitismoa:
Errenazimenduak eta kontinente berrietan sortutako koloniek ekarri zuen oparotasunaren ondoren, barrokoan, aristokraziak ikuskizunen beharra sumatu zuen. 1600. urte inguruan opera sortu zen eta pixkanaka noble eta agintarien artean fama handia irabazi zuen, aristrokraziaren ikuskizun gustokoena bilakatu zen arte.

Hala ere, barrokoan sortu ziren obrak musika erlijiosoa izaten jarraitzen zuten. Johann Sebastian Bach izan zen garai honetako musikari famatuena. Berak sortutako musika guztia eliza eta espazio erlijiosoetan entzuna izateko pentsatua zegoen.


Klasizismoarekin batera erlijioa eta ikuskizunen arteko banaketa etorri zen. Honekin batera banaketa sozial handi bat sortu zen, musika, dantza eta antzerkia aristokraziaren esku utziz. Operak indar gehiago artu zuen eta sortu ziren arkitektura espazioek gizartearen banaketa hau argi eta garbi erakusten zuten, eserlekuen artean, soinuaren kalitateari dagokionez, izugarrizko diferentziak sortuz. Ikuskizunak boteretsuen esku bakarrik zeuden. Adibide gisa Milango Scala antzokia:



Musika gero eta elitistagoa bihurtu zen. Mozart, Beethoven eta Hayden bezalako konpositoreek aristokraziaren musikari pertsonalak ziren, kontzertu eta ekitaldi pribatuak eskeintzen zituztelarik. Honen adibide garbiak Amadeus filmean ikus ditzakegu:



Erromantizismoa; industri iraultzaren ondorioak:
Industri iraultzak Europako gizartean klase sozial berri bat sortu zuen: burgesia. Burgesiak denbora gutxian diru kopuru handia batzea lortu zuen, aristokraziaren parera iristeraino. Jakina da, diruak boterea dakarrela eta honek musikak ordurarte izan zuen elitismoa apurtu zuen. Burgesiako dirudun berriengan opera eta gainontzeko ikuskizunekiko interesa sortu zen, antzoki berriak eraikitzeko era aldatuz.

Garai honetan, historian lehenengo aldiz, ikuskizunezko arteen banaketa gertatu zen. Gogoan izan, ordurarte, musika, dantza, kantua eta antzerkia eskutik helduta joan zirela. XIX. mendeko erditik aurrera, musika ekitaldiak bakarrik egiteko pentsatutako lehen auditorioak eraikiko dira.

Bi auditorio mota eraikiko dira garai hartan: Europa erdialdeko kutxa-aretoak eta abaniko formakoak.

Kutxa formako aretoak Europa erdialdean eraiki ziren, mota honetako eraikin esanguratsuenak Viena, Leipzig eta Amsterdam-en kokatzen direlarik. Kutxa-areto hauek, kontzertu areto batek dituen behar akustiko idealak kontuan hartuta eraiki ziren. Gaur egun jakina denez, areto hauen dimentsio eta formaren arteko erlazioak musika erromantikoarentzat ezaugarri akustiko perfektuak dituzte. Hala ere, ezaugarri hauek aretoaren tamaina handitzen bada, aldatu egiten dira. Horregatik, areto mota honek ez du XX. mendean arrakasta handirik izan.

Kutxa-areto nagusiak:
-Musikvereinssaal, Viena, Theophil von Hansen, 1867-1869.
-Neues Gewandhaus, Leipzig, Martin Gropius eta Heinrich Schmieden, 1884-1887.
-Concert Gebouw, Amsterdam, A.L. van Gend, 1887-1888.


Erromantizismoan sortuko den bigarren auditorio mota abaniko formakoa izango da. Areto mota honen aintzindari Richard Wagner eta Otto Brückwald-en Bayreuth aretoa izango da. Aurreneko aldiz, diferentzia sozialik azalduko ez den antzoki bat planteatzen da, non eserleku guztietako soinu eta ikuspegiaren kalitatea berdina den. Gizarte burges baten ideologiaren ispilu da.

Ikusleek ez dute eszenatokia altuera batetik ikusten (Milango Scalan gertatzen den moduan), eszenatokiaren parean eta honen azpitik kokatzen diren eserlekuetatik baizik. Modelo honek, esan bezala, antzokian sartzen diren 1800 pertsonei ikuspegi eta soinu zuzena eskaintzen die. Eraikin hau adreilu eta egurrez egina dago eta kanpoaldera, aretoaren atzealdeako horma kurboa erakusten du. Urrengo urteetan, gaur egun arte, eraikin honetan sortutako modelo eta kontzeptua errepikatuko da.

XX. mendea; ikus-entzuleen garrantzia:
Pasa den mende honetan, aurrerapen handiak egin ziren akustikaren inguruan. Honek, auditorioen forma, tamaina eta materialetan eragina izan zuen. Hala ere, mende honetan burutu ziren auditorio gehienak, Richard Wagner-en Bayreuth antzokia izan zuten oinarri.

Antzoki honek defendatzen zuen berdintasunaren printzipioa jarraituz, XX. mendeko auditorioek ikus-entzuleen garrantzia areagotu egin zuten, gero eta eserleku gehiagorentzako lekua eskeiniz, musika gero eta jende gehiagoren esku jartzearen aitzakiarekin. Hala ere, aforoen handitze honen egiazko arrazoia, ekonomikoa dela uste duenik bada.

Auditorio baten aforoa, ordea, nahi beste handitzea ezinezkoa da soinu kalitatea jaistea nahi ez bada; jakina baita fokutik urruntzen doan heinean soinuak intentsitatea galtzen duela.

Horregatik, Hans Scharoun-ek 1956-1963an eraikitako Berlineko Filarmonikak auditorioen forma eta antolamenduan berrikuntza handi bat suposatu zuela esan daiteke. Scharoun-ek auditorio honetan, ikus-entzuleak orkestaren inguruan kokatzen ditu. Susana Moreno-ko oso ondo deskribatzen du bere Arquitectura y Música en el siglo XX liburuan zein den eraikin honen arrakastaren arrazoia:

"La Filarmónica de Berlin es magnífica sobre todo porque, sabiamente, sólo son 200 los puestos posteriores. Hans Scharoun y Lothar Cremer no ignoran el hecho de que la orquesta y especialmente algunos instrumentos de la orquesta son esencialmente direccionales, esto es, que emiten la energía hacia el frente y, por tanto, colocar el púclico detrás de la orquesta supone pervertir el principio de uniformidad con la justificación de que todo lo que se oye "de menos" queda compensado don la visión del director."


80. hamarkadan, Luigi Nono konpositoreak, auditorio batean, ikusle-entzule eta orkestaren arteko erlazioaren kontzeptuari beste buelta bat eman zion. Prometeo obra musikala sortu zuen. Obra honetan, ikus-entzuleak dira auditorioaren erdian kokatzen direnak, musikariak perimetroan kokatzen diren bitartean. Horretarako, espazio arkitektoniko berri bat sortu behar izan zuen.

Hasiera batean, Renzo Pianok, eliza eta pabiloi ezberdinetan kokatu zitekeen egitura desmontagarri bat diseñatu zuen. Egitura hau bi kokaleku ezberdinetan erabili zen: Veneziako San Lorenzo elizan eta Milango Ansaldo fabrikan.

Beranduago, Prometeo, Arata Isozakik diseinatutako Akiyoshidai pabiloian aurkeztu zen. Pabiloi hau finkoa da eta ikus-entzuleak auditorioaren zentruan kokatzeko printzipioa errespetatzen du. Eraikin honekin, XX. mendea ikus-entzulearen garrantziaren mendea izan dela esan daiteke; zer gertatuko ote da XXI. mendean?


Bibliografia:
-Edifici per la música, Michael Forsyth
-Arquitectura y música en el siglo XX, Susana Moreno

2010-12-11

Hernaniko Benefizentzia Etxea



Azken asteotan, Hernaniko artxiboan dokumentu eta idazki zaharren artean ibili ondoren, informazio ugari bilatu dut proiektuaren orubearen inguruan. Orube honetan, 1866an Jose Antonio Muruak eraikitako Hernaniko Benefizentziaren egoitza egon zen 1984. urterarte.

Hernaniko Benefizentzia erakundeak azken 500 urteotan herriko eskale, txiro eta gaixoei ostatua eskeini die. Hasiera batean, Hernaniko kale nagusiko etxe batean zuen egoitza, baina, bentilazio eta higiene arazoak zirela eta, portalez kanpoko San Joan eliz parrokiaren atzealdeko eraikin berria egin zuten.

Eraikin berri honek, ospitalea, Benefizentzia, miserikordi etxea, monjen eskola eta kapera zituen bere baitan. 1984. urtean bota zen eta, gaur egun, aurretik ikusi dugun moduan, Milagrosako kapera da geratzen den aztarna bakarra. Kapera hau, orain, kontzertu eta entsegu areto bezala erabiltzen da eta gainontzeko eraikinak zeuden eremuan, kotxeentzako aparkaleku bat dago.

Ikus ditzakezuen bi argazki hauetan 1980ko eta gaur egungo egoerak alderatu ditzazkezue. Aurreneko argazkian Benefizentzia etxea ikus daiteke lehen planoan. Atzean, aldiz, Sandiusterriko zahar egoitza eta Inmakulada ikastetxea.

Bigarren argazkian, Benefizentzia etxea desagertu da, kotxeentzako aparkaleku bati tokia egiteko. Eskubi aldean, berriz, zutik geratu den eraikin bakarra, kapera, ikus daiteke. Kapera hau, 1995. urtean berritua izan zen kontzertu eta entsegu areto bezala erabiltzeko.

Azkenik, Hernaniko udalak, Benefizentzia etxearen inguruan ateratako liburuxka informatibo bat igo dut. Bertan, erakunde honen historia irakurtzeaz gain, orubearen eta lehengo egoeraren argazki gehiago ikus ditzakezue.



2010-12-01

Iannis Xenakis: foku eta ikusle arteko erlazioak

Iannis Xenakis, XX. mendeko konpositore eta arkitekto garrantzitsuenetako bat da. 1922ko maiatzaren 29an jaio zen Rumanian eta bizitzako zati handi bat Frantzian igaro ondoren, 2001ko otsailaren 4an hil zen Parisen. Konposizio musikalean konputadora erabili zuen aurrenekoetarikoa izan zen. Le Corbusierrekin lan egin zuen Unité d'Habitation, Tourette-ko konbentua eta Phillips pabiloia bezalako eraikinetan.

Xenakis-ek haibat hausnarketa egin zituen arkitektura eta musikaren arteko erlazioaren inguruan. Hausnarketa hauetako batean, edozein audizio edo ikuskizunetan, jatorria eta ikuslearen artean eman daitezkeen erlazio espazio-tenporalak aztertzen ditu. Bere ustetan, ikuskizunaren tamaina edozein delarik ere, hauek dira eman daitezkeen aukerak:

A) Las fuentes están delante del público y separadas frontalmente de él: conciertos sinfónicos, teatro actual, parlamentos.
B) Las fuentes están en el centro y el público alrededor, en el mismo plano, en un tazón o en una esfera. Ejemplo: el ring de un boxeo, los estadios, el teatro, el concierto, el Diatopo. El teatro griego antiguo es una primera relación espacial envolvente.
C) Las fuentes están alrededor; el público, en el centro. Este tipo de disposición se ha ensayado en el teatro.
D) Las fuentes y el público están mezclados. Esto correspondería a un paseo urbano, aunque de modo más preciso, baste con imaginar muchas fuentes distribuidas entre el público.
E) Otro tipo es el lineal. Corresponde a los cortejos y las procesiones. El público permanece inmóvil a uno y otro lado de la calle. Los desfiles militares, las procesiones religiosas, las carreras ciclistas, las visitas oficiales, pertenecen a este tipo de realizaciones.
Iannis Xenakis; "Música de la Arquitectura", 225. orr


Gogoan izan, Xenakis era guztietako ikuskizunetaz hitz egiten ari dela. Musika auditorio baten kasuan, ordea, aurreneko hiru tipologiak izango dira nagusi. D tipologia duten kontzertu gelak eraiki dira, baina oso arraro eta urriak dira. Blog-eko urrengo sarreratan tipologia horien azterketa egingo dut adibide ezberdinak ikusiz.
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...