Arkitekturako karrera amaierako proiektu baten prozesua; lana eta hausnarketak.
2010-11-03
Programa eta Helburuak
Proiektua burutuko dudan orubeko elementuen analisi txiki bat egin eta gero, nire proiektuaren programa eta helburuen hasierako ideia bat egitearen txanda da. Bi gauza hauek hasieratik argi xamar edukitzea nahiko garrantzitsua dela uste dut proiektuaren garapena aurrera doan einean ezustekoak gerta ez ditezen.
PROIEKTUAREN HELBURUAK:
-Hernaniko Musika Eskola-ren egoitza berria sortu. Gaur egun eskola honek duen espazio faltaren arazoa konponduko da eta izan dezakeen ikasle kopuruaren handitzea aurreikusiko da.
-Hernani bezalako herri batek behar duen Auditorio bat garatuko da, bertan burutzen diren musika eta kultur ekitaldiak jasoko dituena.
-Milagrosa kapera mantendu egingo da, bere musika areto funtzioa mantenduz eta eskola eta auditorio berriarekin integratuz.
-Hernanik duen aparkaleku faltaren arazoa konponduko da ahal den neurrian, horretarako, gutxienez, proiektua burutzeko kendu diren aparkalekuen kopurua handituz.
-Proiektuak bere inguruarekin harremana izango du eta alboko kaleetan dauden arazoei (kale estuak, trafiko gehiegi...) aurre egingo die.
-Orubeak Ezkiaga pasealekua eta elizarekin duen komunikazioa hobetuko da. Horretarako biak lotuko dituen espazio publiko bat sortuko da.
Proiektuaren Programa:
-Musika Eskola
.Ikasgelak 350m2
.Talde gelak 100m2
.Administrazioa 100m2
.Biltegia 50m2
.Zerbitzu eremuak (+%30) 200m2
-Auditorioa
.Eszenatokia 120m2
.600 eserleku 550m2
.Biltegia 100m2
.Entsegu gela 100m2
.Zerbitzu eremuak (+%30) 300m2
-Aparkalekua
.100 ibilgailurentzat 3000m2
GUZTIRA
.MUSIKA ZENTRUA 2000m2
.APARKALEKUAK 3000m2
*Honez gain, musika zentruaren atari izango den espazio publiko bat proposatuko da.
Orubeko Elementuak: Aparkalekuak
Orubean agertzen den azkeneko elementua, ia azalera osoa betetzen duen kotxeentzako aparkalekua da. Guztira 62 ibilgailurentzako lekua dago, beti ere ikastola orduz kanpo; ordu hauetan bertako ikasleen jolasleku bezala erabiltzen baita.
Argi dago nire proiektua garatzeko ezinbestekoa izango dela aparkaleku hau bertatik kentzea, baina Hernanik aparkalekuekin duen arazoa dela eta, erabaki hau ezin da nolanahi artu.
Horregatik, nire proiektuaren programan 100 ibilgailurentzako lekua izango duen errotazioko aparkaleku bat sartzea erabaki dut. Aparkalekuen kopurua aldatzeko as
katasuna mantenduko dut, oraindik goiz baita behin-behieneko erabakirik hartzeko, baina gutxienez kenduko ditudan aparkalekuen kopurua handitzea gustatuko litzaidake, Hernanik duen arazo honi neurri batean aurre egiteko.
2010-11-02
Orubeko Elementuak: Milagrosa Kapera
Aukeraturiko orubean kokatzen den bigarren eraikina Milagrosa kapera da. Eraikin hau, duela 50 urte orube honetan kokatzen zen Inmakulada komentutik zutik geratzen den bakarra da. Komentu honetan monjak bizitzeaz gain, karitate ekimenak burutzen zituzten, erietxe eta eskola zelarik. Urumea ikastola eraiki zenean komentuko gainontzeko eraikinak bota egin ziren, kapera bakarrik geratu zelarik.
Ondorengo urteetan zehar kapera erabili gabe egon zen duela 10-15 urte eraberritu eta funtzio berri bat eman zitzaion arte. Orain musika ekitaldi eta Hernaniko musika talde ezberdinen entseguak burutzeko areto bezala erabiltzen da. Horregatik nire proiektuarentzat interes handiko gune bihurtu da eta eraikinak programaren zati bat bere barnean jasotzea erabaki dut. Hala ere, eraikinean aldaketa batzuk burutzeko askatasuna hartuko dut, beti ere beharrezkoak suertatzen badira.
Orubeko Elementuak: Urumea Ikastola
Proiektuaren aurreneko erabaki garrantzitsua Urumea Ikastola eraistea izan da. Eraikin honen egoera, aurreko post-ean esan bezala ez da batere ona. Ingururarekiko guztiz isolatua agertzen da, kalez inguraturik eta umeentzako jolas espaziorik gabe. Honez gain, bere eskala handiegia da eta elizarekin konpetentzia garbian azaltzen da.
Erabaki potente eta garrantzitsu honek ondorio ugari ditu: proiektuaren orubea ezkiaga pasealekuarekin harremanetan jartzen da, pasealeku honetako berdegunea proiektuan integratzea ahalbidetuz. Horrela, Musika Zentru berriaz gain, Hernaniko espazio publiko nagusietako bat sortuko litzateke.
Azkenik, ikastola botatzeak, Hernaniko San Joan Bataiatzailearen elizari presentzia handiagoa emango lioke.
Orubearen Argazkiak
Lehengo egunean aukeratutako orubearen argazkiak ateratzen aritu nintzen. Egia esan Urumea ikastolaren egoera ez da batere ona; ibilgailu asko ibiltzen diren kalez inguratua dago, bertako ikasleen jolastokia kotxeen aparkalekua da eta gainera eraikina bera zaharkitua eta egoera txarrean dago. Honez gain, nire ustez, ermita eta elizaren arteko erlazioa puskatzen du bere eskala handiarengatik.
Ermitari dagokionez, nahiz eta duela urte gutxi berritua izan den, bere ingurua oso gaizki tratatua dago. Ermitaren sarrera aurreko espazioa kotxeentzako parkina da eta alboko kaleekiko kota ezberdintasunak bere presentzia ezkutatzen du.
Argi dago musika zentru berria aipatutako parking hau dagoen lekuan kokatuko dela, baina hau ere kontuan izan beharrekoa izango da, hernanin aparkalekuekin dagoen arazoarengatik.
KAP-a Martxan da!!!
Tutoreari pentsatua nuen gaia eta orubea aurkeztu ondoren, nire karrera amaierako proiektua abian dela esan daiteke. Proiektua Hernanin burutuko dut, Milagrosa ermita eta Urumea ikastola kokatzen diren orubean. Bertan, Hernaniko Musika Zentru berria proposatuko dut, musika eskola eta auditorioa bere baitan izango dituelarik. Badut gogoa lanean hasteko!!

Suscribirse a:
Entradas (Atom)