2010-11-11

Inguruaren Analisia: Ezkiaga Pasealekua eta Eliza

Ezkiaga pasealekua San Joan Bataiatzailearen elizaren oinpean kokatzen den espazio publikoa da. XX. mende hasieran Hernaniko harresi zaharra eraitsi eta Hernaniko lehen berdegunea izango zena sortu zen. Garai hartan, Donostia-Hernani tranbia lotura zegoen eta hiriburuko burgesek gustoko izaten zuten Hernaniko pasealeku honetan arratsaldeak igarotzea.

Pixkanaka, Ezkiaga pasealekuak garrantzia irabazi zuen herriko beste espazio publiko nagusien aurrean eta Hernaniko festa eta ekintza kultural gehienak bertan burutu dira azken mende honetan.

Pasealekua malda dezenteko orube batean kokatzen da. Betelan baten bidez, malda hau leundu egiten da lurreko kotatik altxatzen den plataforma bat sortuz. Era honetan, Elkano kaletik 1,5m-ko altuerara dagoen bitartean, Nafar kalea baina 3m gorago altxatzen da. Pasealekuko sarrera kale honetan dagoen eskailera izango litzateke.

Plataforma lau honetan pasealekuari izena ematen dioten ezkiak (tilia tomentosa) landatu ziren. Zuhaitz hauek, espazio publiko honi nortasun bat emateaz gain, aisialdirako aproposa suertatu den espazio bat sortu zuten.

Ezkiaga pasealekuan herriko festa, musika ekitaldiak, kirol-jokoak antolatzen hasi ziren eta pixkanaka beste ekipamentu batzuk gehitzen hasi zitzaizkion. Horrela, 1955. urtean elizaren hormaren kontra, udal pilotalekua eraiki eta aurrerago, Hernaniko bandaren kontzertuak ospatzeko kioskoa ere altxa zen.

Gehigarri hauek, ordea, espazio publikoaren egitura apurtu zuten eta gaur egun nahiko egoera kaskarrean dago. Kioskoak ez du inolako interes arkitektonikorik eta txikia geratu denez, erabilera gutxi ematen zaio. Pilotalekuak, elizak plazarekin duen harremana apurtu du. Honez gain, zorua zuhaitzen zainek altxatzen duten asfaltu kaxkar batez estalia dago.

Pasealekuaren kota ezberdintasunak inguruarekiko isolatu egiten du, gehien bat Ispizua kale aldera. Honez gain, Urumea ikastolaren presentziak Elkano kalearekin zuen erlazioa ere murriztu egiten zuen. Horregatik, eraikin honen eraisteak Ezkiaga pasealekua eta nire orubearen artean harreman berri bat sortzen duela esan liteke.

Musika zentru berria pasealeku zaharraren jarraipen gisa planteatzea guztiz egokia izango litzatekeela iruditzen zait. Era honetan, eraikin publiko berria Hernaniko hiri egituraren barne kokatzea lortuko litzatekeelako.

Analisiaren Ondorioak:

-Ezkiaga pasealekua eta nire orubearen arteko harremana bultzatu. Musika zentrua espazio publiko honen jarraipen gisara planteatu nahi da.

-Pasealekuaren gaur egungo egoera nahiko kaskarra da eta nire proiektuan barneratzeak, espazio publiko honen eraberritze lan bat eskatuko luke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...