2010-11-08

Musika Zentrua, baina...zergatik?

Hernaniko kultur ekipamenduek espazio falta nabarmena dute. Duela urte batzutatik hona, herria hazten joan da eta Kultur etxea eta Musika eskola bezalako eraikinak txikiak geratu dira. Honez gain, herriak auditorio baten behar larria du. Musika, dantza eta kultur ekitaldiak ospatzeko Biteri Kultur etxeko aretoa txikiegia da eta orain arte Sandiusterriko zahar egoitzako aretoa erabili izan da.

Udala aspaldi jabetu zen arazo honetaz eta 2009. urtean herri galdeketa bat egin ondoren Hernaniko Kultur Zentru berria eraikitzeko lehiaketa publiko bat antolatzea erabaki zen. Lehiaketa honen helburua, Kultur etxea, Musika eskola, Dantza eskola eta auditorioa bateratuko zituen eraikin bat sortzea zen. Lehiaketaren irabazlea SABAI Arkitektoak estudioa izan zen.

Nire iritziz, ordea, Kultur Zentru berriaren programa eta kokalekua ez ziren egokienak. Urrengo lerroetan, lehiaketan proposatutako kokaleku eta programa aldatzearen arrazoiak ezarriko ditut:

-Zergatik aldatu da eraikinaren programa Kultur Zentru izatetik Musika Zentru izatera?
Udaletxeak proposatu zuen programa banatzea erabaki dut eta nire proiektuan Musika Eskola eta auditorioa bakarrik sartuko ditut. Kultur Zentrua funtzio ezberdin asko bateratzen zituen eraikin bezala proposatu zen. Nire ustez, ordea, funtzio hauek elkarren artean independentzia gehixeago eskatzen dute.

-Zer gertatzen da alde batera utzitako Kultur Zentruaren programa zatiarekin?
Egia da Hernanik kultur etxe handiago baten beharra duela, baina, esan bezala, nik Musika Zentruarekin zer ikusirik ez duen beste proiektu bat bezala ikusten dut. Biteri kultur etxea Hernaniko erdigunean kokatzen den orube zabal batean dago. Kultur etxe honek beste eraikin berri bat baino, zabalpen eta erreabilitazio bat eskatzen duela uste dut.

-Zergatik erabaki da lehiaketan proposatutako orubea baztertzea?
Lehiaketan proposatzen den orubea Hernaniko erdigunetik urruti xamar geratzen dela uste dut. Hernani nahiko hiri txikia da eta zentraltasun bat mantendu beharko litzatekeela uste dut. Biteri kultur etxea toki aproposean kokatzen da eta nire erronka Musika Eskola eta auditorioarentzat orube apropos bat bilatzea zen.

-Zergatik aukeratu da Urumea ikastola eta Milagrosa kapera kokatzen den orubea?
Hernaniko Musika Eskolak antolatzen dituen kontzertu gehienak alde zaharraren inguruan burutzen dira; Ezkiaga pasealekuan kioskoa, Gudarien Enparantzan preludioa, Udaletxeko arkupetan kontzertuak, alde zaharreko kaleetan txaranga eta kalejirak... Horregatik, eliza atzean kokatzen den orube hau ezin aproposagoa iruditu zitzaidan, Musika Eskola kontzertu guneetatik gertu jartzea garrantzitsua baita.
Honez gain, orube honetan musika ekitaldi eta entseguetarako erabiltzen den Milagrosa Kapera kokatzen da. Proiektua hemen burututa, kapera honetan programaren zati bat sar daiteke, eraikin hau erabilerarik gabe utzi beharrean.


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...