2011-11-08

Erriberak

Blog-aren aurreko sarreran esaten nuen bezala, naturak duen indarra gutxiagotzea ez da komenigarria izaten. Pasa den igande honetan, 2011aren azaroak 06, Gipuzkoan 1983. urtetik izan diren eurite indartsuenetako bat erori da.

Eurite honek sortutako uholdeak sekulako triskantzak eragin ditu Gipuzkoako ibai nagusien arroetan. Irun, Astigarraga, Ergobia, Hernani eta Usurbil izan dira herrialde kaltetuenen artean.

Ikus dezakegunez, herrialde hauek aipatutako ibaien bokaletik gertu aurkitzen dira. Argi dago ibaiaren ur emari handiena bertan kokatzen dela, baina hau al da sortutako arazoen arrazoi bakarra? 

Aurreko argazkian, Usurbilgo erriberak uholde egunean eta ura behin jetsi eta gero zuen itxura aldera daiteke. Esan beharra dago, ibaiaren berezko ibilbidea argazkian ikusten diren zuhaitzen atzean dagoela, argazkia ateratako puntutik ia 400 metrotara.

400 metro hauek, ordea, ez dira erriberak puntu horretan behar lukeen zabalera osoa. Nahiz eta herria, uholdetatik salbu, magal batean kokatzen den, erriberako lur lauak industrialdeak eraikitzeko erabili dira. Honek, ibaiari, zenbait puntutan, 200 edo 300 metroko lur sail urperagarriak kentzea suposatu du. 


Industrialde hauek eraikitzeko, lurraren kota 2 metro baina gehiago eraiki da, eta honen ondorioz, uholde egunetan, gainezka egindako ura azalera txikiago batean konzentratzen da. 

Hau gertatzen denean, urpean geratutako sailetan hondamena handiagoa izan ohi da eta inguruko etxebizitza eta industrialdeak harrapatzeko probabilitatea igo egiten da. Honen adibide dira, asteburu honetan Hernaniko Karabel eta Ergobia auzoetan gertatutakoak. 

Guzti honekin ez dut esan nahi erriberatan eraiki behar ez denik, baina, eraikitako lur azalera ondo aztertu beharko litzateke, asteburu honetako kasuak errepika ez daitezen. Azken finean, urak BETI bilatzen baitu bere bidea...

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...