2011-11-07

Naturaren Erregresio Ahalmena

Gizakiok gure inguruan dugun natura eraldatu, ustiatu eta suntsitzeko zer nolako ahalmena dugun jakina da. Lurreko biztanle guztien artean, ekosistema eta paisai bat guztiz aldatzeko ahalmena duen espezie bakarra gara.

Askotan, ingurua geure neurrira antolatzo ahalmen honek itsutu egiten gaitu eta lurrean dagoen indar bakarra garela pentsatzera eramaten gaitu. Ahaztu egin ohi dugu gure inguruan dagoen naturaren boterea. 

Naturak dituen botere hauetako batzuk, bat batean egiten dute eztanda eta geure gizartean kaosa sortzeko gai dira. Hala nola, lurrika, ekaitz, uholde, sumendi edo haizeteek suntsipena ekar dezakete. 


Hala ere, bada naturan beste botere isilago eta harrigarriago bat. Denboraren poderioz, naturak, pixkanaka eta geldiunerik gabe bere ordenera itzultzeko duen ahalmena da. Naturaren erregresio ahalmena.

Lurralde batean hondamendi bat gertatu ondoren (naturala edo gizakiak eragindakoa), aurreko egoera oparora bueltatzeko prozesu bat hasten da. Prozesu honek, ekosistema bakoitzean, denbora gehiago ala gutxiago iraun dezake. 

Sute bat gertatzen denean, adibidez, aurretik lurralde horretan ez zeuden perretxiku eta landare espezieak jaiotzen dira errautsen artean. Lur sail bat erretzen denean, lurgaina oso antzua geratu ohi da eta euriteak badaude isurketa arazoak gertatu ohi dira. Errautsen artean jaiotzen diren espezie hauek, ordea, lurra eusten laguntzen dute, isurketa ekidituz.

Ipar Ameriketako konifera basoetan, badira beren hazia garatzeko sute bat behar duten secuoya espezieak. Horrela, landare hauek, baso horietan ziklikoki gertatzen diren suteak aprobetxatzen dituzte aurrera ateratzeko. Era honetan, nahiz eta suteek lurraldea suntsitzen dutela ematen duen, sute horiek ekosistemaren zati bat dira.

Naturan, era honetako adibide pila dago, non hondamendi natural batek, ekosistema baten funtzionamenduan laguntzen duen. Baina zer gertatzen da gizakiak sortutako hondamendiekin? Gai al da natura honi gai egiteko?

1986-ko apirilaren 26an, Ukraniako Chernobyl-go zentral nuklearreko erreaktore batek eztanda egin zuen. Eztandaren ondorioz, 31 pertsona hil eta 600.000 pertsona baina gehiagok erradiazioaren eraginpean geratu ziren. Ordura arteko ingurumen hondamendi handiena izan zen. 

Erradiazioaren eraginez, zentralaren inguruan 30-kilometroko erradiodun segurtasun perimetro bat ezarri zuten, gaur egun arte mantentzen delarik. Prípiat herria bere barne zuen azalera handi hau 25 urte hauetan zehar gizakiaren eraginaren kanpo geratu da.


Urte hauetan zehar, naturak erregresio prozesu bat burutu du. Bizitza garatzea ezinezkoa izango zela uste zen lurralde batean, 25 urte hauetan, berriro ere bizitza garatu da. 

Lehen ia desagertuak zeuden landare eta animali espezieak azaldu dira eta Chernobyl inguruko lurraldea aniztasun handiko habitat batean bihurtu da. Hartz, otso, orein, orkatz, basurde eta bestelako animaliak, toki honetan bizileku paregabe bat aurkitu dute.



Guzti hau gutxi balitz, zonalde hau erreserba natural izendatu dute eta  desagertzeko zorian dauden Mongoliako zaldia bezalako espezieak sartzen hasi dira, bertan ugaldu eta zabaldu daitezen. Guzti honek mundu osoko zientzialariak harri eta zur utzi ditu, inork ez baitzuen espero hain denbora gutxian natura errekuperatuko zenik.


Munduan badira Chernobyl-en gertatu denaren antzeko beste adibide batzuk. Duela gutxi Toki arkitekturak-en blogeko sarrera honetan bi Koreen arteko segurtasun azaleran gertatu den kasu hau azaltzen zitzaigun.

Guzti honek, naturak daukan ezkutuko botere honen indarra erakusten digu, hori bai, beti ere gizakia ez dagoen zonaldeetan. Zer esan nahi du honek, natura bere horretara itzul dadin gizakiak desagertu behar duela? 





No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...