Gaurko honetan ekarri dizuedan Ikusmiran, Usurbilgo Irubide zonaldeak azken 20 urteotan jasan duen eraldaketa erakutsi nahi dizuet. Irubide zonaldea, Lasarte, Usurbil eta Donostiak, Errekalde auzoaren alboan, muga egiten duten puntuan kokatzen da. Irubide, Añorga errekaren arroak eta Oria ibaiaren ibarrak bat egiten duten puntua da; Donostia eta Lasarte-Oria arteko korridore naturalean.
Betidanik izan da komunikazio puntu garrantzitsu bat, Donostia-Tolosa-Gasteiz batzen zituen bidearen zati baitzen. XX. mendearen hasieran, bide hau, N-1 nazionalaren zati bilakatu zen, Madril eta Irun batzen zituelarik. Nazional honez gain, Donostia-Zumaia batzen zituen trenbide sarea ere bertatik igarotzen zen.
60. hamarkan, Irubiden aldaketa handiak egon ziren. N-1 nazionalaren zabalera bikoiztu eta Donostia eta Bilbo batzen zituen N-634 eraiki zen. Bide hau, kostaldeko herriak batzeko lehen sahiesbidea izan zen, aurretik, Usurbilera joateko, Lasarte eta Txikierdi gurutzatu behar baitziren.
Urrengo 30 urteetan, Irubide bere horretan mantendu zen, baina 90. hamarkadatik aurrera, aldaketa sakon eta bortitzak jasan zituen. Aurrena, inguruko zentru komertzialak eraiki ziren, 2000. urtean, Errekaldea-Aritzeta sahiesbidea, geroago, Lasarte-Oriarako trenbidearen sahiesbidea, 2010. urtean, Donostiako bigarren erradiala estreinatu berri da eta momentu honetan Donostialdeko metroa izango denaren obrak aurrera doaz... ez al da nahikoa?
Hain denbora gutxian hainbeste aldaketa behar izateak, egiazko behar bati erantzuten al dio? Ala politikarien interesei jarraituz egiten dira gauzak? Egia da, komunikazio sare egoki bat behar-beharrezkoa dela gaur egungo gizartean, baina, plangintza egoki batek ez al lituzke horrelako astakeria asko sahiestuko? Ez al dute politikariek diru publikoa, esku pribatuetara eramateko erraztasun eta nahi handiegia izaten?
Eta galdera garrantzitsuena, zer gertatuko da urrengo 20 urteetan?
No hay comentarios:
Publicar un comentario