2011-11-28

Sevilla, polemika iturri.

Pasa den astean Sevillan egun pare bat igaro eta bertako arkitektura pixkat ezagutzeko aukera izan dut. Hiria, Guadalquivir ibaiaren behe atalean kokatzen da, bokaletik 70km ingurura. Inguru honetan, ibaiak, bailara oso lau eta zabal bat sortzen du. Honez gain, nabigagarria da, beraz, hiria leku estrategiko batean kokatua dagoela esan daiteke.


Inguruko aurreneko hiri-nukleoa Antzin Aroan sortu zen, eta betidanik izan da penintsulako hiri garrantzitsuenetako bat. Bertan, aztarna erromatar, musulman eta kristauak aurki daitezke. Hala ere, Amerikaren aurkikuntza ondoren hartu zuen benetako garrantzia, Espainiako inperioaren zentru ekonomiko bihurtu baitzen.

Hiriaren alde zaharrak 335 Ha ditu eta Europako zabalenetarikoa da. Lurra oso laua denez, etxeak altuera txikikoak dira. Eraikuntza guztien gainetik Giralda dorrea nagusitzen da, bere 104 metro alturekin. 

Hiria dagoen kokaleku eta klimara moldatzen da. Alde zaharreko kaleak, orokorrean, oso estu eta bihurriak dira, itzal-une eta aire korronteak sortuz. Kale hauen artean, noizbehinka plaza txiki eta itxiak azaltzen dira, freskura eta itzala ematen duten laranjaondoekin horniturik.


Azken urteetako arkitekturak, ordea, ez du hiriaren izaera errespetatu eta  polemika handia sortu duten eraikinak sortu dira. Honen adibide, Jurgen Mayer-en Metropol Parasol, Zaha Hadid-en liburutegia eta Cesar Pelli-ren Cajasol dorrea dira. Espekulazioa, handi-nahaikeria edo lekuarekiko errespetu eza dela eta eraikin hauek ez dute hiri eta hiritarrekiko erlazio on bat sortu.

Metropol Parasol

2004. urtean Jurgen Mayer arkitekto alemaniarrak Sevilla-ko Plaza de la Encarnación espazioa berrantolatzeko lehiaketa irabazi zuen. Bere proiektuak plaza estaliko zuen perretxiku formako elementu batzuk proposatzen zituen. Proiektua oso ikusgarria zen eta nahiz eta partehartzeile guztien artean garestiena izan, epaimahaiaren babesa jaso zuen.

Proiektuak, ordea, eraikuntzaren hasieratik arazo ugari izan ditu. Obra hasi zenean, plazaren azpian, erromatar eta andalusí garaiko aztarnak aurkitu eta urtebeteko atzerapena ekarri zuen. Beranduago, Ove Arup ingeniari taldeak, eraikuntza burutzea ezinezkoa zela eta proiektua berriz egin behar zela esan zuen. Eraikuntza amaitzeko, perretxikuen materiala altzairutik zurera aldatu behar izan zen.

Guzti honek, hasierako aurrekontuaren bikoitzea eta obraren amaieraren lau urteko atzerapena sortu zuen. Guztira, 7 urteko obra eta 100 miloi eurotik gorako aurrekontua.



Unibertsitateko Liburutegi Zentrala

Liburutegi honen lehiaketa 2006. urtean irabazi zuen Zaha Hadid eta Patrick Schumacher arkitektoen proposamenak. Eraikina Prado de San Sebastián izeneko berdegunean kokatzen zen bolumen jarrai bezala planteatu zuten. Oinarria lau nukleo handik osatzen dute euren artean hutsuneak daudelarik, parkea eta kalearen arteko komunikazio jarrai bat sortuz.

Obra 2007. urtean hasi zen, baina, bizilagun talde batek, eraikinak Prado de San Sebastian jardina deusezten zuela eta, demanda bat aurkeztu zuen. Bi urte epaitegietan eman ondoren, epaile batek bizilagunei arrazoia eman eta obra gerarazi zuen.



Gaur egun, alternatiba ugari planteatzen ari dira: liburutegia beste nonbait eraikitzea, obrekin jarraitzea ala ez eraikitzea. Kaltea, ordea, egina dago eta ematen duenez, azkenean ez da ez eraikina eraiki, ezta berdegunea bere horretan mantenduko.

Liburutegiaren obrak gaur egun, geratuta.


Cajasol Dorrea

Cajasol dorrearen lehiaketa 2006. urtean irabazi zuen Cesar Pelli arkitekto argentinarraren bulegoak. Proiektuak Puerto Triana zonalderako 180 metroko dorre bat proposatzen zuen. Bertan, Cajasol bankuaren bulego eta komertzio guneak kokatuko dira. Dorrearen aurrekontua 300 miloi €-koa da.

Lehiaketa argitaratu zen ezkeroztik kontrako jendea agertu zen. Hainbat talde eta kolektibo sortu dira dorrearen eraikuntza geratu nahian. Talde hauen esanetan, dorreak Sevilla hiriaren morfologia ez du errespetatzen, hain hiri horizontal batean izugarrizko inpaktua duela argudiatuz.

UNESCO-k, dorre honen eraikuntza dela eta, Sevilla hiria arriskuan dauden munduko Patrimonio-en artean sartu du. 2011. urtean dorrearen obra hasi da eta oraingoz ez du ematen geratzeko itxurarik duenik.
Trianako zubia, eta atzean dorrea eraikitzen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...