2010-12-27

Treme, musika hiri baten pizgarri.

Gabon hauetan ikastea tokatzen zait eta denok dakigunez, ikasten zaudela nahiko erraza izaten da beste edozer gauzatan denbora galtzea. Ordu hauek, aspalditik ikustekotan nuen serie honetaz gozatzeko aprobetxatu ditut. Nahiz eta nire proiektuarekin zerikusi handirik ez izan, serie honetan musika eta zinema eskutik helduta doaz eta ezin izan dut blog-era igotzeko tentazioa eutsi.

Treme urte honetako apirilan estreinatu zuen HBO telebista kate amerikarrak. Telebista kate hau The Sopranos, Sexo en Nueva York, Roma, Band of Brothers eta The Pacific bezalako serien arduraduna da eta gaur egun, HBO=kalitatea dela esan daiteke. Honi seriearen gionista David Simon, The Wire-en egilea, dela gehitzen badiogu, Treme, derrigorrez ikusi beharrekoan bihurtzen zaigu.

David Simon-en historiak bi gauzatan oinarritzen dira: aurrena, eszenatoki bezala funtzionatzen duen hiri batean; The Wire-en Baltimore eta orain, Treme-n New Orleans. Bigarren, eguneroko istorio normalak bizi dituzten karisma handiko pertsonai batzutan. The Wire eta Treme-ko pertsonaien artean ez dago heroirik, ezta on eta txarrik ere. Zu eta ni bezalako pertsonak dira, egunero aurki daitezkeen arazo eta bizipenekin.

Treme, Katrina hurakanak New Orleans-en utzitako hondamendian oinarritzen da. Serie honek, hiri gris eta ilun bat erakusten digu, non bertako pertsonaiek hondamendi guzti honi aurre egin beharko dioten. Pertsonai hauek, burokrazia eta korrupzioaren aurka borrokatu beharko dute, munduko nazio boteretsueneko instituzioek laguntza eta helduleku gabe utzi baitute.


Hala ere, New Orleans ez da Estatu Batuetako edozein hiri; musikaren hiria da, jazz eta soul-aren sorleku. Bertako jendea alaia eta positiboa da, eta, musikarekin hiritarrek duten harremana ez da hondamendi batengatik ahulduko. Erlazio honek ematen dio kolorea serie honi. Musika tabernatan, kalean, festetan, heriotzatan... musika toki guztietan, musika hiriaren pizgarri.

Serie honek, Louisiana estatuko azken 70 urteetako musikaren errepaso izugarri bat egiten du. Bertan azaltzen diren aktore asko, egiazko musikariak dira, beren burua interpretatzen, hala nola; Elvis Costello, Kermit Ruffins, Irma Thomas, Allen Toussaint, John Boutté, Dr John...

Oraingoz aurreneko denboraldia bakarrik argitaratu da; ordu bete inguruko hamar kapitulo. Musika ona edo gidoi on bateko filmeak gustoko badituzue, ikusi beharreko seriea duzue Treme. Hori bai, ikustekotan, ez ahaztu bertsio originalean ikustea, itzulia ikustearekin alderaezina baita. Seriearen aurreneko minutuak utzi dizkizuet ea interesa pizten dizuen. Ikusi eta gozatu!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...