2011-01-31

Manuel de Falla Auditorioa (2)


Pasa den asteko blog-eko sarrera jarraituaz, Granada hirian kokatzen den Manuel de Falla Zentruaren analisi sakonago bat ekarri dut gaurkoan.

Musika zentru 1975-1978 urte artean eraiki zuen Jose María García de Paredes arkitektoak. Eraikin honek, Granadak musika ekitaldi internazionalak ospatzeko beharrezkoa zuen musika areto baten beharrari erantzun zion.

Hala ere, proiektua ez zen musika areto soil batean geratu eta Manuel de Falla espainiar konpositoreari omenaldi bat egiteko ideia sortu zen. Musikaria, Granadan bizi izan zen 20 urtetan zehar eta aretoa eraikitzeko bere etxearen alboan zegoen orube bat aukeratu zen.

Udaletxeak musikariaren etxea izandakoa erosi eta etxe-museo batean bihurtu zuen. Honela, Manuel de Falla zentrua sortu zen, etxe-museoa, Ikasketa zentrua eta Auditorioak osatzen zutelarik.
Zentruak erabilera anitzetarako balio izatea izan zen arkitektoaren nahi nagusia. Nahiz eta musikak lehentasun osoa duen, eraikina guztiz aldakorra da eta kongresu eta antzezlanak burutzeko balio du. Honez gain, aretoaren planteamenduak, aforo ezberdinak eskeintzen ditu beharrezkoak suerta daitezkeen erabilera guztientzako.

Eraikina, Genil eta Darro ibaien artean kokatzen den Alhambra-ko tontorrean kokatzen da. Granadako hondare kultural nagusia tontor honetan kokatzen da, hiri guztiaren bistan, beraz, eraikinaren bolumetria, materialak eta presentzia kontu handiz zaindu beharrekoak ziren.

Eraikinak orubearen malda handia aprobetxatuz, programaren zati handi bat lur azpian kokatzen du, kanpoko bolumenak tontorraren perfila ez gainditzea lortuz. Horrela, eraikinaren presentzia minimizatzen du. Aukeratutako materiala eta bolumenak apalak dira, Alhambrak tontor horretan duen protagonismoa mantendu nahian.

Proiekturen gune garrantzitsuena aretoa da. García de Paredes-ek Scharoun-en Berlingo Filarmonika eta erromantizismoko kutxa-aretoak hartu zituen oinarritzat. Horrela, ikusleak eszenatokiaren aurre eta atzealdean izango zituen areto estu eta luze bat proiektatu zuen. Forma honetako aretoek akustika hobea dute areto zabalek baino.

Auditorioa erabilera ezberdin asko jasateko prestatua dago. Eszenatokia aretoaren erdialdean kokatzen da, aurrealdean 897 eta atzealdean 414 eserleku dituelarik. Zonalde hauek kortina bidez banatu daitezke, behar bakoitzak eskatzen dituen ezaugarrietara moldatuz.

1986. urtean sute bat gertatu zen Manuel de Falla zentruko areto nagusian. Sute honek musika zentruaren ixtea eragin zuen 5 urtetan zehar. 2008-2010 urte artean ere itxita egon da eraberritze lan batzuk zirela eta, baina, pasa den irailaren 10an Granada Hiriko Orkestak, Estrella Morente bakarlari bezala zuela, eskaini zuen kontzertu batekin auditorioaren zabaltzea ospatu zen.



Bibliografia:
-Auditorio Manuel de Falla, Granada, 1975-1978; Ángela García de Paredes.


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...